KATALUNIA
Atxiloketaren unean Puigdemontekin zeuden hiru pertsona atxilotu dituzte
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Poliziak bi esquadra mosso (Xavier Goicoechea Fernandez eta Carlos de Pedro Lopez) eta Josep Lluis Alay Rodriguez historialaria atxilotu ditu. Josep Maria Matamala bilatzen ari dira.
Alemaniako Poliziak Carles Puigdemont presidentea atxilotu zuen unean berarekin zihoazen bi esquadra mossoak (Xavier Goicoechea Fernandez eta Carlos de Pedro Lopez) atxilotu ditu gaur eguerdian Espainiako Poliziak.
Polizia iturrien arabera, Carlos de Pedro Lopez Bartzelonako aireportuan atxilotu dute, 12:45an, Bruselatik bueltan zetorrela. Xavier Goicoechea Fernandez, ostera, 15 minutu geroago atxilotu dute Vilassar de Marreko (Bartzelona) bere etxetik gertu.
Atzo, Espainiako Poliziak salaketa aurkeztu zuen atxiloketaren unean Puigdemontekin zihoazen Xabier Goicoechea Fernandez eta Carlos de Pedro Lopez esquadra mossoen aurka.
Bestalde, Espainiako Poliziak txostena bidali zion atzo Auzitegi Nazionaleko fiskalari, bi esquadra mossoek delituren bat egin ote zuten ala ez argi zezan.
Halaber, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Puigdemontekin furgonetan zihoazen lau lagunen aurkako ikerketa abiatu zuen. Josep Maria Matamala (Puigdemonten laguna) bilatzen ari dira.
Gainera, Espainiako Poliziak Josep Lluis Alay Rodriguez historialaria atxilotu du arratsaldean, Poliziako iturriek jakinarazi dutenez. Puigdemontekin zihoazen lau pertsonetako bat zen, presidenta iragan igandean atxilotu zutenean, Alemanian.
19:20 aldera atxilotu dute. “Estaltze” delitu bat leporatzen diote.
Atxiloketaren ondoren, Espainiako Poliziaren Lurralde Informazio Brigadak ikerbidea hasi du, iturriek jakitera eman dutenez.
Josep Lluis Alay Rodriguezek Bartzelonako Diputazioan lan egiten du, Nazioarteko Harremanetarako mandatari bezala. Aldi baterako lanpostua da eta urtean 80.000 euroko ordainsaria du, El Confidencial-ek gaur argitaratu duenez.