Itxi

Katalunia

Puigdemontek webgune bat ireki du, defentsako gastuei aurre egiteko dirua biltzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Carles Puigdemontek eta erbestean dauden gainerako kontseilari kargugabetuek laguntza eskatu dute atzerriko prozesu judizialetan beren burua defendatu ahal izateko.

Carles Puigdemont Bruselan egindako manifestazio batean. Artxiboko argazkia: EFE

Carles Puigdemontek webgune bat ireki du borondatezko ekarpen ekonomikoak biltzeko eta horrela atzerrian bere defentsa juridikoa bermatuta izateko. Bildutako dirua erbestean dauden gainerako kontseilari kargugabetuei laguntzeko ere erabiliko dute.

Twitter bidez zabaldutako mezuan, Puigdemontek herritarren laguntza eskatu du atariaren berri eman dezaten eta bakoitzak ahal duen ekarpena egin dezan.

Lagundu nahi duenak defensaexili.org webgunean sartu eta formulario bat bete beharko du, bere datu pertsonalak idatzita eta zenbateko ekarpena egin nahi duen zehaztuta. Emandako dirua zertarako erabili den jakiteko aukera izango du herritarrak, formularioa betetzerakoan hala eskatzen badu.

Clara Ponsati Hezkuntza kontseilari ohiak ere antzeko atari bat jarri zuen martxan atzo, eta egun bakarrean 7.000 donazio bildu ditu, 245.000 euro inguru.

Bestalde, ANC elkarteak ere dirua batzeko kanpaina bat jarri du abian, atzerrian dauden Generalitateko agintari kargugabetuei laguntzeko asmoz.

Carles Puigdemont joan den igandean atxilotu zuten Alemanian, Finlandiatik Belgikara bidean zihoala.

Egun, espetxean dago, Alemaniako Justiziak Espainiako Auzitegi Gorenak emandako euro-aginduari buruz erabaki bat hartzen duen bitartean.

Meritxell Serret, Toni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohiak, berriz, Belgikan daude, libre, Bruselako Fiskaltzak deklaratzera noiz deituko zain.

Clara Ponsati, ostera, baldintzapean aske utzi zuten atzo Eskozian, Edinburgoko epaitegi batek euro-agindua aztertu bitartean.

Albisteak (5)