Katalunia
Ehunka pertsona bildu dira Berlinen Puigdemonten askatasunaren alde
Agentziak | Erredakzioa
Besteak beste, JxCateko Aurora Madaulak eta Quim Torrak hartu dute parte manifestazioan, baita David Saldonik ere, Kataluniako Herrien Erakundeko presidenteak.
Ehunka pertsona bildu dira gaur Berlin erdiguneko Brandeburgo Ate ezagunaren inguruan, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren askatasuna eskatzeko. Neumünstereko espetxean jarraitzen du atxilotuta, estradizioaren inguruko erabakiaren zain.
JxCat koalizioko Aurora Madaula eta Quim Torra diputatuak ez ezik, David Saldoni ere izan da manifestazioan, Kataluniako Herrien Elkarteko presidentea. Horiez gain, La Izquierda alderdi alemaniarreko Andrej Hunko ordezkariak bat egin du mobilizazioarekin.
Manifestariek esteladak eraman dituzte. "Freiheit Puigdemont" (Askatasuna Puigdemont) oihukatuz, Brandeburgoko Atetik abiatu dira Justizia Ministeriorantz. Schleswig-Holstein estatu federatuaren ordezkaritzaren aurretik pasa dira. Han atxilotu zuten Puigdemont, eta hango agintariek hartu behar dute Espainiak emandako euroaginduaren erabakia.
Alemaniako Justiziarengan duen konfiantza adierazi du Madaulak, Alemania "botere politikoaren eta judizialaren arteko banaketaren eredu" dela argudiatuta. "Hori ez da Espainian gertatzen", gaineratu du.
Andrej Hunko diputatu alemaniarraren iritziz, "lotsagarria" da Puigdemont atxilotu izana. Halaber, Kataluniako krisia "gatazka politikoa" dela iruditzen zaio, eta hortaz, bide politikotik konpondu behar dela. Hunkok ordezkatzen duen alderdia Alemanian Puigdemonten estradizioaren aurka hitz egin duen bakarra izan da.