Katalunia
Jordi Sanchez presidentegai berriro, Puigdemotek eta Turullek uko egin ondoren
Agentziak | Erredakzioa
Generalitateko presidentegai berriz izatea onartu du Jordi Sanchezek: “Juridikoki bidezko erabakia eta politikoki beharrezkoa da”.
“Kataluniako Generalitatearen presidentegai izateko Jordi Sanchez diputatuaren eskubidea babestea” eskatu die gaur Carles Puigdemont president kargugabetuak alderdikideei gutun batean.
Era berean, Jordi Turull kontseilari kargugabetuak inbestidurari uko egin dio, eta berriro presidentegai izatea onartu du Jordi Sanchez JxCateko bigarrenak, Puigdemontek proposatu bezala.
Turull badaezpadako espetxean dago. Roger Torrent Parlamenteko presidenteari gutun bat bidali dio bere erabakiaren berri emateko. Era berean, Sanchez preso dago, eta gutun bat bidali die talde parlamentarioko kideei. Bere inbestidura proposatzea “juridikoki bidezko erabakia eta politikoki beharrezkoa” dela azaldu die Sanchezek.
Bere gutunean, NBEko Giza Eskubideen Batzordeak Sanchezen inguruan esandakoa inbestidurarako berme bat dela defendatu du Puigdemontek: “Inbestidura aurrera eramatea justizia ekintza bat da, Espainiako Estatuaren botereek egindako kaltea konpontzeko”.
Gutuna Neumunsterreko (Alemania) kartzelatik bidali du president kargugabetuak. Buruzagia bertan preso dago, Alemaniako Justiziak datozen asteetan Espainiaratu ala ez erabakitzeko zain.
Horrela, Jordi Sanchezen inbestidura baimentzeko eskatu dio Junts per Catalunyako (JxCat) buruzagiak Estatuari, “eskubide politikoen” defentsan NBEko Giza Eskubideen Batzordeak planteatutako “neurriak” jarraikiz.
Bestalde, Puigdemontek bere botoa beste diputatu baten eskuetan utzi ahal izatea berretsi du Parlamenteko Mahaiak. Ondorioz, erabakia ostegun honetako osoko bilkuran aplikatuko da.
Kataluniako presidentak botoa delegatu ahal izatea onartu zuen Mahaiak asteartean, baina Ciudadanosek, PSCk eta PPk helegiteak aurkeztu zituzten, afera berriro aztertzeko eskatuz.
Saioa hasi baino lehen Mahaia bildu da. JxCatek eta ERCk osatzen duten gehiagoak helegiteak atzera bota eta Puigdemonten boto delegatua onartu dute.