Itxi

KATALUNIA

Torrentek bilera erronda berria hasi du inbestidurarako hautagaia proposatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Ezustekorik ezean, Jordi Sanchezen izena egongo da mahai gainean, baina CUPek gaur argi utzi du ez duela Carles Puigdemont ez den beste hautagairik babestuko.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak alderdi politikoekin bilera erronda berria abiatu du ostiral honetan telefonoz, inbestidurarako hautagaia proposatzeko. Hala jakinarazi dute Parlamentuko iturriek. Ezustekorik ezean, Jordi Sanchezen izena egongo da mahai gainean. Dena den, CUPek gaur argi eta garbi utzi du ez duela Carles Puigdemont ez den beste hautagairik babestea aurreikusten.

Aste honetan, ordura arte Generalitateko presidente izateko hautagai zen Jordi Turullek inbestidurari uko egin zion eta Junts per Catalunyak (JxCat) Jordi Sanchez presidentegai proposatu zuen, Puigdemontek aurrez gutun baten bitartez egin bezala. Jordi Sanchez behin-behineko espetxealdian dago pasa den urriaren 16az geroztik.

Kataluniako Parlamentuko iturriek azaldu dutenez, telefono bidezko bilera erronda izango da. Izan ere, Torrentek gaur bertan proposatu nahi du laster egingo den inbestidurarako hautagaia.

Orain arte eta azken orduko aldaketarik ezean, mahai gainean dagoen izena Jordi Sanchezena da.

Hala ere, Jordi Sanchezen aukera ez da aukera erraza. Kartzelan dago eta Auzitegi Konstituzionalak esana du presidente izendatzeko ezinbestekoa dela hautagaia inbestidura saiora agertzea. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Jordi Sanchezen aldeko ebazpena argitaratu ostean, ordea, egoera aldatu dela uste du JxCatek. Hori dela eta, behin-behinean libre geldituta edo baimen bat baliatuta Sanchez parlamentura joan daitekeela uste du talde parlamentarioak.

Alemaniako justiziak Puigdemont aske utziko zuela jakin aurretik hartu zuen JxCatek Sanchez hautagai gisa proposatzeko erabakia. Ildo berean, Puigdemontek gutuna bidali zien bere taldeko diputatuei Sanchezen aldeko apustua egin zezatela eskatuz.

CUPek Puigdemont soilik babestuko du

Carles Riera CUPeko diputatuak prentsaurrean adierazi duenez, Carles Puigdemont hautagaiaren inbestidura babestea dute buruan "Estatuaren kontrako eraso demokratikoa" delako. Hautagaia Jordi Sanchez balitz, ostera, CUPeko lau diputatuek abstentziora joko lukete. Rieraren hitzetan, Sanchezen hautagaitza Espainiako marko juridiko-politikora egokitzen da.

Rieraren hitzetan, Alemaniak Puigdemont aske utzi izanak erakusten du errepublika garatzeko bide arrakastatsua desobedientziarena eta auzia nazioartekotzea dela, ez Espainiako araudira egokitzea.

Bestalde, CUPekin adostu gabe inbestidurarako hautagaia proposatzeko bilera erronda bat abiatzea leporatu die Rierak JxCat eta ERCri.

 

Albisteak (3)