Itxi

OSASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Euskal presoei ezartzen zaizkien baldintzek osasuna kaltetzen dietela salatu du Sarek

eitb.eus

Leer en Castellano

285 preso daude Espainiako eta Frantziako espetxeetan, horietatik 22 larri. Euskal presoen %95a lehen graduan dago, eta ondorioz salbuespen legedia ezartzen zaie.

Sareren protesta Bilbon. Argazkia: Sare

Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, protestak egin ditu Sare herritar sareak Bilbon eta Iruñean, euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe-politikak "osasuna galtzera" eramaten dituela salatzeko. Gaur egun 285 euskal preso daude Espainiako eta Frantziako kartzeletan, eta horietatik 22 larri.

Presoen %95 lehen graduan dagoela gogoratu du Sarek eta salbuespen legedia horren ondorioz dituzten bizi-baldintzek euren osasuna kaltetzen: "isolamendua, zigorraren luzapena eta urruntze politikak preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzena dute, ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen ditu. Gaixo diren presoen kasuan gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu".

Protesta Iruñean. Argazkia: Sare

Espetxeek ez dutela behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik ere ohartarazi du ekimenak: "Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere. Ezin dugu segurtasun politiken aitzakia pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik onartu. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du".

1980tik hona 20 euskal preso hil direla espetxeetan eta beste 10 pertsona kartzelatik irten eta berehala hil zirela jakitera eman du Sarek, azkena, Xabier Rey iruindarra. Horregatik, "salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean eskubide urraketa honen ondorio lazgarriei aurre egiten jarraituko dugu" ohartarazi dute. Horren aurrean, gizarte zibilaren zein eragile sozial, sindikal eta politikoen "inplikazioa eta laguntza" eskatu dute presoen eskubideak errespetatzea lortzeko.

Albisteak (1)