Kataluniako inbestidura
Gorenak NBE errespetatzen duen erabaki behar duela esan du Torrentek
Agentziak | Erredakzioa
Parlamenteko presidenteak argudiatu duenez, NBEko Giza Eskubideen Batzordeak Jordi Sànchezen inbestidura ahalbidetzea eskatu du.
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordeak Jordi Sànchezen inbestidura "ahalbidetzea" eskatu duela esan du Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak gaur La Vanguardia egunkariari emandako elkarrizketa batean. Horrenbestez, Auzitegi Gorenak "nazioarteko legedia errespetatzen duen" ala "historiaren orrialde ilun bat" idatziko duen erabaki behar duela nabarmendu du.
Jordi Sànchez ANCko buruzagi ohia Generalitateko presidentetzarako berriz hautagai izendatu izanak sortutako egoerari buruz hitz egin du Torrentek. Inbestidura saioa aste honetan izan daiteke, baina hori baino lehen, Sànchez espetxetik irtetea edo Parlamentera joateko baimena ematea eskatu beharko diote Gorenari.
Lehen aldiz proposatu zutenean, ez zioten espetxetik ateratzen utzi. Orain, ordea, NBEko Giza Eskubideen Batzordeak eskaera tramitera onartu duela argudia dezakeela Sànchezek azaldu du. Hortaz, funtsean dagoen gaia konpondu bitartean, Sànchezen "eskubide politikoak" bermatzea eskatu dio Espainiari.
Torrenten aburuz, Sànchezek "eskubide politiko guztiak bere horretan" ditu. Nahiz eta espetxean egon behin-behinean, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak "inbestidura ahalbidetzea" aldarrikatu duela berretsi du.
Beraz, "Gorenak erabaki behar du zer egingo duen: nazioarteko legediari jaramon egin ala historiako orrialde ilunenetako bat idazten jarraitu", ondorioztatu du.
Carles Puigdemont askatasunari buruz
Carles Puigdemont aske utzi ostean, Alemaniako Justiziak berretsi egin du, Roger Torrenten ustez, "herrialde demokratiko batek ezin duela erreferendum baten antolaketa jazarri, eta are gutxiago matxinada delitua egotzita". Aldi berean, erabakiak "estatu espainiarrak mugimendu independentista kriminalizatzeko egindako saiakera bertan behera" utzi duela gaineratu du.
Cominen botoa delegatzea aztertzen ari da ERC, eserlekua uztea baztertu gabe
Marta Vilalta ERCko bozeramaileak gaur azaldu duenez, Belgikan bizi den Antoni Comin kontseilari ohiaren botoa delegatzeko aukera aztertzen ari dira. Bide horrek ez balu balioko, ez dute baztertu Parlamenteko eserlekua uztea.
Carles Puigdemont ez den beste norbait hautagai izanez gero, abstenitu egingo dela mantendu du CUPek. Hori dela eta, ezinbestekoa da Carles Puigdemont presidente ohiaren eta Antoni Comin ERCko kontseilari ohiaren botoak delegatzea inbestidura batek bigarren bozketan aurrera egin dezan.
Hala, Vilaltak TV3n egindako adierazpenen arabera, "Cominen botoa delegatzeko aukera lantzen" ari dira. Azkenean bide hori posible ez balitz, "Cominek berak esan du hainbat aldiz aktari uko egingo liokeela".
Diputatu kargua baztertzea beste aukera bat da, baina oraingoz bai Cominek bai Puigdemontek alde batera utzi dute hori. Presidente ohiaren kasuan, berriz, Parlamenteko Mahaiak onartu zion botoaren delegazioa azken ohiko osoko bilkuran, oraindik Alemanian espetxeratuta zegoenean.