Itxi

Auzitegi Nazionala

Altsasuko gazteen gurasoak: 'Gaur entzun da lehen aldiz gure bertsioa'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Epaiketaren lehen saioa amaitu ostean, auzipetuen senideek azpimarratu dute agerian geratu dela Altsasun gertatu zena "taberna bateko liskarra" izan zela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur hasi da Auzitegi Nazionalean Altsasuko zortzi gazteen kontrako epaiketa. 2016an, herriko taberna batean bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskar bategatik 12 eta 62 urte arteko espetxe-zigorrak eskatzen dizkiete, terrorismoa leporatuta.

Epaiketaren lehen saioa amaitu ostean, Isabel Pozueta zortzi auzipetuen senideen bozeramaileak esan du gaur agerian geratu dela bere seme-alabak terroristak ez direla.

"Agerian geratu da gure seme-alabak terroristak ez direla, beste edozein familiako seme-alabak bezala parrandan atera zirela eta han gertatu zena taberna bateko liskar bat izan zela", nabarmendu du kazetarien aurrean, Auzitegi Nazionaleko egoitzaren atarian.

Ahozko epaiketaren lehen saioa eginda, akusatuak "pixka bat lasaiago" daudela azaldu du.

"Lehen erronka pasa dugu;  urtebete eta lau hilabetetan gaur da lehen aldia gure bertsioa entzuten dela; izan ere, beti galarazi digute egun hartan gertatu zena azaltzea", kritikatu du.

Horrez gain, epaiketak iraun bitartean han jarraituko dutela iragarri du. "Haien gurasoak gara eta gure seme-alabei laguntzea dagokigu", erantsi du.

Bestalde, Altsasun bizikidetzak hobera egin duela adierazi du. "Duela urtebete eta erdi Altsasun bizikidetza ona bazen, orain askoz hobea da".

"Herritarrok bat egitea lortu dute. Injustizia bat ematen denean, elkarrengana hurbiltzea ohikoa izaten da eta horren erakusgarri da Iruñeko manifestazioa bildu zen jendetza", azaldu du.

Ildo horretan, Pozuetak ondokoa gaineratu du: "Bizikidetza bilatzen ari gara, bakean bizitzea; aurrera begiratu nahi dugu eta Euskal Herrian inork gehiago ez sufritzea".

Albisteak (3)

Bideoak (1)