Itxi

Katalunia

Buruzagi independentistei sedizioa leporatzeko aukera dagoela gogorarazi du Gorenak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

U-1ean polizia gehiagok esku hartu izan balute “sarraskia” gerta zitekeela uste du Gorenak. Indarkeriaren existentzia zalantzan jarri zuen Alemaniako auzitegiaren argudioei kontra egiten saiatu da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Proces' izeneko auzian, Fiskaltzak buruzagi independentistei sedizio delitu bat leporatzeko atea zabalik utzi zuela gogorarazi dio Auzitegi Gorenak Pablo Llarena epaileari. Bestalde, U-1ean polizia gehiagok esku hartu izan balute “sarraskia” gerta zitekeela defendatu du Gorenak autoan.

Jordi Sanchez JxCateko bigarrenaren badaezpadako espetxea baieztatu du Auzitegiak ebazpenean. Agintari independentistek sedizio delitu bat egin ahal izan zutela azaldu du Gorenaren zigor-arloko salak, kasu horretan indarkeria beharrezkoa ez delako. Gorenaren hitzetan, matxinadaren “gai korapilatsuenean sartzea ez da beharrezkoa”.

Bestalde, Kataluniako independentzia prozesuan indarkeriaren existentzia zalantzan jarri zuen Alemaniako auzitegiaren argudioei kontra egiten saiatu da Gorena. Kataluniako auzia Frankfurteko aireportuko matxinadekin alderatzea “zentzuzkoa ez” dela azpimarratu du Espainiako auzitegiak.

Horrela, Schleswig-Holsteingo epaitegiak erabakitakoa azaltzeko aprobetxatu eta bide batez gertakariak sedizio delitu batengatik epaitzeko atea zabalik utzi du Gorenak.

Europar Batasuneko (EB) Estatu baten barruan gertatzen ari den prozesu sezesionista Frankfurteko aireportua handitzeko proiektuaren aurka antolatutako matxinada batekin konparatzea “arrazoizkoa ez” dela erantzun dio aretoak Alemaniako epaitegiari.

 

Gorena: "Kataluniako auzia Frankfurteko aireportuko matxinadekin alderatzea ez da zentzuzkoa"

 

Magistratuen ahotan, “El Prat de Llobregateko (Bartzelona) aireportuaren pistetako bat luzatu ala ez, hori ez zen eztabaida; horrek ez zuen milaka manifestariren protesta eragin”.

“Hemen benetan gertatzen ari zena hauxe da: Estatuko eta erkidegoko ordenamendu juridikoa urratzen bi urte baino gehiago eman ondoren, Auzitegi Konstituzionalaren funtsezko sententziak betetzeari uko egin eta gero, prozesu sezesionista aurrera eraman nahi zuten Europar Batasuneko Estatu baten barruan, demokrazia sendo batean”, adierazi dute.

Guztia “jendea kalean jarrita, Konstituzioaren aurkako erreferendum batean botoa emateko, Estatuaren indar legitimoaren aurka, ustezko hauteslekuak defendatzen ari zirenean”, erantsi dutenez.

“Azken bi urteetan Generalitateak eta Parlamentak bata bestearen atzetik egindako lege urraketek bi milioi pertsona kalera atera zituzten, 6.000 poliziak babestutako hauteslekuetan sartzeko asmoarekin”, nabarmendu dutenez. Estatua hausteko helburua zuen bozketa eragoztea “ezinezkoa” zela onartu dute magistratuek.

Horregatik, “zalantza barik” buruzagi independentistek “Konstituzioak jasotako sistema politiko eta juridikoaren printzipioak urratu dituzte”, gaineratu dutenez.

Albisteak (6)

Bideoak (1)