JXCAT-EN BILERA BERLINEN
JxCatek aukera guztiak aztertuko ditu eta ez du Puigdemont baztertzen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carles Puigdemont presidentearekin Berlinen bilera egin ostean, aukera politiko eta judizial guztiak eta legeak eskaintzen dituen zirrikituak aztertuko dituela iragarri du talde parlamentarioak.
Eduard Pujol Junts per Catalunyako (JxCat) bozeramaile ondokoak asteazken honetan adierazi duenez, bere taldeak "aukera guztiak" baloratuko ditu Katalunian gobernua osatzeko, baita Carles Puigdemont presidentearen aukera ere. JxCat talde parlamentarioak bilera egin du gaur goizean Carles Puigdemontekin Berlinen eta bertan izan dira espetxean ez dauden gainerako diputatu guztiak.
"Kataluniako herriaren borondatearekiko arduratsu izanda, denbora kudeatzeko eskubidea irabazi dugu. Herriak gobernua osatzea eskatzen du eta gu gara hori nahi dugun lehendabizikoak", azaldu du bilera amaitu baino pixka bat lehenago kazetarien aurrean egin dituen adierazpenetan.
"Azken batean, herrialdearentzako onenak diren pausoak eman nahi ditugu, eta horretan lanean ari gara. Ez dago kontraesanik epeen eta hautagaitza eta izen guztiak baloratzearen artean", gaineratu du Pujolek.
"Dagoeneko hiru hautagai aurkeztu ditugu, horietako bat bi aldiz. Estatuak, ordea, ez du elkarrizketarik nahi eta epaitegien bitartez bizitza politikoa markatu nahi du", azpimarratu du Pujolek Jordi Sanchez eta Jordi Turull Generalitateko presidente izendatzeko egindako ahaleginak aipatuz.
Pujolen esanetan, Puigdemonten aukera bideragarria da: "bere zilegitasuna zalantzaz kanpo dago". Pujolen arabera, Junts per Catalunyak ez du Generalitateko presidentea izendatzeko epea amaitu aurretik (maiatzak 22) laugarren hautagai bat aurkezteko asmorik. "Hau ez da 'Operación Triunfo' moduko gauza bat", azpimarratu du.
Maiatzaren 22aren hurbiltasunaz galdetuta, beldurrik ez dutela eta presidentea izendatzeko garaiz izango direla berretsi du.
"Aukera legal, judizial eta politiko guztiak agortu nahi ditugu aurretik proposatutakoari berriro heldu ahal izateko: Carles Puigdemonten hautagaitza urtarrilaren 30ean eta Jordi Sanchez eta Jordi Turullenak, gero", nabarmendu du.