Itxi

ETA-REN DESEGITEA

'Guztiz' desagertuko dela 'argi uzteko' eskatu dio Eusko Jaurlaritzak ETAri

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Jonan Fernandezen hitzetan, ETAren desegitea gertakari "aipagarria eta garrantzitsua da, baieztatzen baldin bada". Bestalde, lehendakariak "esan beharrekoa esateko" dei egin dio ETAri.

Your browser doesn’t support HTML5 video

“Guztiz” desagertuko dela “argi uzteko” eskatu dio Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkari nagusiak ETAri, “historia beltz eta beldurgarri” bati amaiera emateko.

“Adi egongo gara, desagerpena, desegitea edo nahi bezala deituko dioten hori zer-nolako baldintzatan zehazten den baloratzeko”, azpimarratu du Fernandezek.

Eusko Legebiltzarreko pasilloetan adierazpenak egin ditu Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, erakundeak desegitea maiatzeko lehen asteburuan iragartzeko asmoa duenaren berri izan ondoren.

Fernandezen hitzetan, ETAren desegitea gertakari “aipagarria eta garrantzitsua da, baieztatzen baldin bada”, eta “albiste oso positiboa da, orainean eta etorkizunean eragina izango duelako”.

“Egutegi edo eszenografien espekulaziotan” ez du sartu izan nahi, eta “ETAk esan beharrekoa azaldu arte itxaron” behar dela aldarrikatu du.

Hala ere, “funtsezkoa” hitzen “argitasuna” dela nabarmendu du Fernandezek. Erakundearen “iraganari eta orainari buruz ere argi hitz egitea desiragarria litzateke”, erantsi duenez.

Desegitea baieztatzen baldin bada 50 urteko “historia beltz eta beldurgarriari” bukaera emango lioketela errepikatu du Fernandezek.

Urkullu: "Ez ditut adierazpenik egingo. Esan dezala esan beharrekoa"

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak "esan beharrekoa esateko" dei egin dio ETAri. "Ez ditut adierazpenik egingo. Esan dezala esan beharrekoa", adierazi du lehendakariak Legebiltzarrera sartu aurretik.

Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJko bozeramaileak, berriz, ez du bere iritzia eman nahi izan.

Atzo, asteazkena, jakin zen ETAk maiatzeko lehen asteburuan, Baionan, behin betiko desegitea iragarriko duela.

Aldez aurretik, Bake Bidea taldeak jakinarazi duenez, ekitaldi bat egingo da Ipar Euskal Herrian datorren ostiralean, eta hainbat ordezkari politikok eta sozialek eta nazioarteko eragilek hartuko dute parte bertan.

Albisteak (1)

Bideoak (1)