Itxi

KATALUNIA

Katalunian Gobernu egonkorra osatzeko itxaropena agertu dio Sanchezek Estebani

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea Junts per Catalunyako (JxCat) diputatua ikustera joan zen asteartean Soto del Realeko espetxera.

Jordi Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE

Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea Jordi Sanchez Junts per Catalunyako (JxCat) diputatu eta Generalitateko presidente izateko hautagaia ikustera joan zen herenegun Soto del Realeko espetxera, eta preso dagoen buruzagiak Katalunian laster Gobernu "egonkorra" osatzeko itxaropena agertu zion ordezkari jeltzaleari.

Iturri jeltzaleen esanetan, bisita astearte goizean izan zen eta ordubete inguruko iraupena izan zuen. Buruzagi jeltzaleak "oso lasai, sendo eta indartsu" aurkitu zuen ANCko presidente ohia.

Gainera, ahalik eta azkarren Katalunian Gobernu "egonkorra" osatzeko konfiantza adierazi zion.

Estebanek, ostera, elkartasuna eta babesa agertu zizkien preso dauden buruzagi soberanista guztiei eta lehenbailehen aske gelditzeko nahia jakinarazi zion.

Kataluniako alderdiekin duten etengabeko hartu-emanaren baitan kokatu dute bilera hau jeltzaleek.

Bien bitartean, Rajoyren Gobernuak 2018ko Espainiako aurrekontu proiektua tramitatzen jarraitzen du eta popularrek bost diputatu jeltzaleen babesa lortu nahi du. Dena den, Katalunian 155. artikulua bertan behera utzi arte ez duela negoziaziorik abiatuko azpimarratu du EAJk.

EAJren zuzendaritzak gaur-biharretan erabakiko du Espainiako aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko dion ala ez; izan ere, bihar 14:00etan amaitzen da zuzenketak aurkezteko epea.

Albisteak (3)