Itxi

Oharra

Eragindako kalteari buruzko adierazpena dela-eta, ETAren argibide oharra

'Gara' eta 'Berria' egunkariei bidalitako adierazpenaren harira, ETAk argibide oharra ere helarazi du.

Izandako eztabaida prozesuaren baitan, ETAk eragindako kalteari buruz adierazpen bat kaleratzea erabaki du. Izan ere, eztabaidan barrena, ETAren kidegoak Erakundearen ekintzek sortutako sufrimenduarekin enpatia adieraztea beharrezkoa ikusi du.

Jakin badakigu euskal jendarteak ez duela behar eta ez duela nahi ez zinismo ez hipokresia ariketarik. Horregatik ETA saiatu da bere adierazpena zintzotasunez eta errespetu osoz egiten. Benetan uste dugu euskal herritarrek bizikidetza errotu nahi dutela, pasatakoa ahaztu gabe, baina geroa hipotekatu gabe; aurrera begira dituen eztabaidak baldintza demokratikoetan eta elkarren arteko begirunez egiteko gogoz. Ez dugu behar, ez dugu nahi iraganik gabeko etorkizunik, ezta etorkizunik gabeko iraganik ere. Zoritxarrez, beste interes politiko batzuk dituztenak egoera zailtzen saiatzen ari dira, egindako urrats guztiak gutxiesteraino edo itxuraldatzeraino. Horiek horrela ere, aurrera egin beharra dagoela uste du ETAk, eta horregatik burutu du bere ziklo historikoari buruzko eztabaida eta horregatik kaleratu du orain eragindako kalteari buruzko adierazpena.

ETAk nabarmendu nahi du Erakundeak egindako ekintza guztiak bere egin dituela aldiro kaleratutako agirietan, eta horietan ETAren kidegoak ardura kolektiboa hartu duela bere erantzukizuna onartuz. ETAk argitua du zer egin duen. Hori azpimarratzea garrantzitsua iruditu zaigu, oraindik ere Euskal Herrian gertatutako indarkeriazko ekintza asko ez baititu inork onartu. Inork ez ditu argitu. Harago, ekintza horien arduradunek beren erantzukizuna ukatu dute. Hori ere azpimarratzea garrantzitsua iruditzen zaigu egia osoa azaleratzeko ariketak egin nahi badira.

Beste gatazka batzuetako konponbide prozesuen antzeko ibilbide adosturik garatu ahal izan ez denez Euskal Herrian, gai honetan ere ez dira egia, justizia eta erreparazioa lortzeko behar bezalako prozedurak martxan jarri. Horren ordez, «errelatoaren bataila» lehenetsi du zenbaitek. Domaia da horretan horrela tematzea.

Egia azaleratu behar da. Seguru asko hori ere Euskal Herriko gizarte zibilaren, eragileen eta borondate oneko ordezkari instituzionalen eskutik etorriko da. Horretan jardungo direnek ETAren historian barrena ere egon daitezkeen argibideak aurkitu ahalko dituzte, eta ETAn aritutako kidegoa, bere ahalen arabera eta arduraz, ekarpena egiteko prest izango da.

Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 8

Euskadi Ta Askatasuna E.T.A

________________________________________

ETAk Berria eta Gara egunkariei bidalitako adierazpena dela eta, argibide oharra.

Albisteak (1)