'Altsasu auzia'
Epai-mahaiak frogatzat onartu du Adur Ramirez agertzen den ETBren bideoa
EITB.EUS
Era berean, froga gisa onartu du Iñaki Abad auzipetuak Koxka tabernaren kanpoaldean grabatu zuen bideoa. Guardia Zibilaren sarjentuak eskukada eman zion grabazio horregatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Azkenenean, Auzitegi Nazionaleko epai-mahaiak froga gisa onartu du 2016ko urriaren 14an ETBk Altsasuko frontoian hartutako irudiak. Irudi horietan Adur Ramirez ageri da, arropa ilunekin jantzita, eta ez kamiseta gorri batekin, bere kontrako akusazioan aipatzen den moduan.
Era berean, epai-mahaiak frogatzat onartu du Iñaki Abad auzipetuak Koxka tabernaren kanpoaldean grabatu zuen bideoa. Guardia Zibilaren sarjentuak eskukada eman zion bideo hori grabatzeagatik.
Epaiketaren bosgarren Saioa egin dute ostiral honetan. Defentsak deitutako 24 lekukok deklaratu dute.
10:00etan hasi da saioa. Lehen bost lekukoek, akusatuen lagunak edo ezagunak denak ere, zortzi gazteek lehen egunean esandakoa berretsi dute. Besteak beste, aipatu dute Adur Ramirez de Alda akusatuak kamiseta beltza zeramala egun hartan, eta goiz joan zela etxera, 02:00ak aldera.
Bertsio hori baieztatu du akusatu horren amak ere, Isabel Pozuetak, hain justu. Emakumeak lekuko gisa deklaratu du, defentsak eskatuta. Azaldu duenez, urriaren 14an senarrarekin eta ahizparekin atera zen Altsasutik. Pilota partida bat ikustera joan ziren, eta han semea ikusi zuen, lagun koadrilarekin. Partida amaitzean, pare bat pote hartu zituzten bi tabernatan, eta segidan etxera joan ziren, biharamunean egitekoa baitzuten (Pozuetak lasterketa batean parte hartu behar zuen).
Etxera heltzean (02:15-02:30 aldera), Adur topatu zuten sukaldean, eta partidaz apur bat mintzatu ostean, ohera joan ziren denak. Gaztea ez zen etxetik berriro atera, amaren esanetan.
Egun hartan semeak jantzita zeraman arropaz galdetuta, Pozuetak esan du ez dela ondo oroitzen, baina argazkiak eta bideoak ikusi ondoren, akordatu dela mutilak kamiseta beltza eta jertse grisa zeramala. Egun hartan ez zen arropaz aldatu, berak dakiela.
Pozueta epaiketaren unerik zirraragarrienetako baten protagonista izan da, bere semeari besarkada bat emateko baimena eman diotenean.
Bestalde, gertakariak jazo ziren gauean Guardia Zibilaren tenientea artatu zuen suhiltzaileak ere deklaratu du gaurko saioan, eta ondokoa adierazi du: "Zauri txikitxo bat zuen eta gasa pare batekin sendatu genion; orkatilan zelula bat jarri genion".
Tenientearen bikotekideari (Maria Jose) dagokionez, suhiltzaileak esan du laguntza ukatu zuela, "ondo zegoelako".
BIDEOA | Adur Ramirezen irudiak Altsasuko frontoian: