Itxi

ETAREN DISOLUZIOA

Jaurlaritza ez da maiatzaren 4an Kanbon egingo den nazioarteko topaketara joango

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Jaurlarizta ez dator bat ekitaldiak izango duen 'ikuspuntu politiko eta etikoarekin'. Ez dio ETAren amaierari garrantzia kendu nahi, baina, Erkorekaren ustez, "Jaurlaritzaren tokia ez dago Kanbon".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez, Jaurlaritza ez da maiatzaren 4an Kanbon egingo den "Euskal Herriko gatazkaren konponbidean aurrera egiteko Nazioarteko Topaketa" izenekoan egongo. Erkorekaren esanetan, Jaurlaritza ez dator bat Kanboko ekitaldiak izango duen "ikuspuntu politiko eta etikoarekin". Ez dio ETAren amaierari garrantzia kendu nahi izan, baina Eusko Jaurlaritza bertan egoteko baldintzak ez direla bete azpimarratu du. Gainera, desagertzea behin betikoa izateko eta biktima guztiak aintzat hartzeko eskatu dio ETAri.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Josu Erkorekak azaldu duenez, Kanbora ez joateko erabakia Iñigo Urkullu lehendakariak berak hartu du gaurko bileran, eta sailburuen babesa izan du. Jaurlaritzak dagoeneko eman die erabaki horren berri Kanboko ekitaldiaren antolatzaileei (Foro Soziala, Bake Bidea eta Nazioarteko Harreman Taldea).

Erkorekaren hitzetan, Kanbora ez joateko erabakia "behin betikoa da". "Ekitaldiaren edukia eta diseinua itxita daude, ez dira aurrez adostu", azpimarratu du.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza Kanbon egoteko aurretiazko baldintzak ez direla bete gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak ez dio ETAren behin betiko amaierari garrantzirik kendu nahi izan, baina "Jaurlaritzaren tokia ez dago ekitaldi horretan, beste toki batean baizik", Erkorekaren esanetan.

Jaurlaritzaren ustez, benetan garrantzitsuena ETAren disoluzioa nola egiten den izango da, eszenografia bera baino gehiago.

ETAren azken agiri horri begira, desagertzea argia eta behin betikoa izatea eta biktima guztientzat kontsiderazio etiko bera izatea espero du Jaurlaritzak.

 

Foro Soziala: "Aurreko ekitaldietan izan duen jarrerari eutsiko dio Eusko Jaurlaritzak"

 

Bestalde, Jaurlaritzak Kanboko ekitaldira ez joateko hartu duen erabakia deitoratu du Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak Bartzelonan. Hala ere, EAEko Exekutiboaren erabakiak ezustean harrapatu ez dituela erantsi du.

Erabakiarenganako errespetua azaldu du Hernanek, eta aurreko ekitaldietan Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrerari “eustea” suposatzen duela uste du: ETAren armagabetzea 2017ko apirilean, Baionan; eta Donostiako Aiete Jauregian, 2011ko urrian.

EAEko Exekutiboa topaketan ez izatea deitoratu du Foro Sozialeko ordezkariak, “herriaren normalizaziorako eta elkarbizitzarako mugarria izango delako”.

Orain Nafarroako Gobernuak hartuko duen erabakiaren zain daudela esan du Hernanek. Jarrera Gobernu Kontseiluan zehaztuko dutela iragarri du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak astearte honetan.

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)