ETA-ren desegitea
Kanboko topaketa adierazpen baten irakurketarekin bukatuko da
Agentziak | Erredakzioa
Jardunaldiaren inguruko xehetasun batzuk jakitera eman dituzte antolatzaileek agiri batean. Arnaga Etxeko ekitaldia 12:00etan hasiko da.
ETAren amaieraren inguruko nazioarteko topaketa eguerdian hasiko da, maiatzaren 4an, Kanbon (Lapurdi), eta adierazpen baten irakurketarekin bukatuko da. “Nazioarteko ordezkariek” irakurriko dute adierazpena.
Jardunaldiaren inguruko xehetasun batzuk jakitera eman dituzte Harremanetarako Nazioarteko Taldea, Bake Bidea eta Foro Sozial Iraunkorrak agiri batean. Arnaga Etxeko ekitaldia 12:00etan hasiko da. Edmond Rostand Cyrano de Bergerac-en egileak eraiki zuen etxetzarra XX. mendeko hasieran.
Dagoeneko “Euskal Herriko erakunde, alderdi politiko eta sindikatu guztiak” gonbidatu dituztela azaldu dute antolatzaileek. Era berean, “gatazkaren konponbidearen alde lanean ari diren gizarte zibileko eragileei” gonbit egin diete.
Hitzordura joango ez direla iragarri dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dagoeneko, EAJk, EH Bilduk eta Podemosek, ostera, ordezkaritza bidaliko dute. PSE-EE, aldiz, ez da joango.
Ipar Euskal Herriko kolore politiko guztiak bertan izango dira, besteak beste, Jean Rene Etchegaray (UDI) Baionako alkatea eta Kotte Ecenarro (PS) Hendaiako alkatea. Biak Lapurdiko hiriburuan izan ziren iragan astelehenean, topaketaren aurkezpenean.
Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak asteartean iragarri zuenez, 2011ko urriaren 17an Aieteko Konferentzian parte hartu zuten nazioarteko pertsona ospetsuak ere deitu dituzte.
Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Bruntland Norvegiako lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Gerry Adams Sinn Feingo buruzagia, Pierre Joxe Frantziako Defentsa eta Barne ministro ohia eta Jonathan Powell Tony Blairren kabineteko buruzagi ohia Donostiako Aiete Jauregian egon ziren orduan.
ETAk desegitearen berri nola eta noiz emango duen ez dute jakinarazi antolatzaileek, baina mezu “argia eta eztabaidaezina” izango dela errepikatu dute: “bere historia bukatuko da”.