KATALUNIA
Konstituzionalak tramitera onartu du Puigdemonten hautagaitzaren kontrako helegitea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horrenbestez, Carles Puigdemonten hautagaitza indargabetu du. Horrez gain, Puigdemont presidente izendatzen saiatzeko inbestidura saio bat deitzeak ondorio penalak izango lituzkeela ohartarazi du.
Auzitegi Konstituzionalak ostegun honetan tramitera onartu du, aho batez, Espainiako Gobernuak Carles Puigdemonten hautagaitzaren kontra aurkeztutako helegitea, aukera horri bidea itxiz. Gainera, Puigdemont presidente izendatzen saiatzeko inbestidura saio bat deitzeak ondorio penalak izango lituzkeela ohartarazi du.
Puigdemont presidente izendatzeko inbestidura saioa deitzea Konstituzionalaren erabakiaren kontrakoa litzateke, betiere, Parlamentuak egungo egoera aldatzen duen legeren bat onartzen ez badu. Kasu horretan, oso litekeena da lege berri horren kontrako errekurtsoa jartzea horren konstituzionaltasunari buruz ebatzi bitartean.
Estatuko Abokatutzak Puigdemonten hautagaitzaren kontrako errekurtsoa jarri zuen urtarrilaren 26an, hautagaitza indargabetzea eskatuz. Hala ere, Konstituzionalak ez zuen tramitera onartu Espainiako Gobernuaren helegitea (inbestidura saioa bertan behera uztea eragingo zukeen), eta kautelazko neurri batzuk hartu besterik ez zuen egin. Horien arabera, saioa bakarrik utziko dute bertan behera inbestidura telematikoa egiten saiatzen badira edo Puigdemont Pablo Llarena magistratuaren baimenik gabe bertaratuz gero. Horren aurrean, Kataluniako Parlamentuko presidenteak, Roger Torrentek, atzeratu egin zuen saioa.
Bi aldeak entzun ondoren Auzitegiak ebatzi duenez, Torrentek Puigdemont presidente izendatzeko inbestidura bertan behera utzi eta beste hautagai bat izendatuko balu ere, Mariano Rajoyren Gobernuak planteatutako errekurtsoak interes orokorreko gaiak planteatzen ditu eta, hori dela eta, ez du auzia amaitutzat eman. Auziaren mamiari buruz erabakitzen duen bitartean, baina, bertan behera utzi du Puigdemonten balizko inbestidura.
Aldeei 20 eguneko epea emateaz gain, Auzitegiak "balio gabe eta inolako eraginik gabe" utzi ditu ebazpen hori urratzen duten ekintza, ebazpen, akordio edo bestelako bide guztiak.
Halaber, Konstituzionalak ohartarazpena bidali die Roger Torrenti eta Mahaiko gainerako kideei (Josep Costa i Rosselló, José Maria Espejo-Saavedra Conesa, Eusegi Campdepadrós i Pucurull, David Pérez Ibáñez, Joan García González eta Alba Vergés i Bosch) eta "eteteko erabakiari kasurik ez egitea edo izkin egitea bilatzen duten ekimen guztiak saihestu edo geldiarazi" behar dituztela ohartarazi die.