ETA-ren amaiera
Genevako Henri Dunant zentroak egiaztatu egin du ETAren desegitea
eitb
erredakzioa
ETAk agiria helarazi dio Henri Dunant Fundazioari, eta horren zuzendariak iragarri du ETA desagertu egin dela gaur, 14:00etan hain zuzen ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ETAren desagerpena errealitate bat da gaur, eta Genevako (Suitza) Henri Dunant zentroak eman du horren berri.
ETAk Henri Dunant Zentrora igorri du bere azken agiria, desagertu dela iragartzeko agiria. Horixe baieztatu du erakundearen zuzendariak hedabide bakan batzuen aurrean. Martxoaren 3ko data duen agiri bat jaso dutela eta agiri horretan ETAk gehiago ez dela existituko jakinarazi duela azaldu du. Agiria euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez iritsi zaie.
ETAk 2006an Jose Luis Rodriguez Zapateroren Espainiako Gobernuarekin izandako elkarrizketen egoitza izan zen Henry Durant zentroa, eta bertara jo du ETAk azken agiria zabaltzeko.
David Harland Henri Dunant Fundazioaren ordezkariak ETAren 60 urteko historia laburbildu du hitz gutxitan agiriaren berri eman duenean. Hala, 800 hildakotik gora, 1.000 zauritu baino gehiago eta ehunka persona torturatu utzi dituela gogorarazi du.
Era berean, bakea lortzeko bide luzean lan egin duten lau pertsonaren izenak goraipatu ditu: Jesus Egiguren (PSE-EE), Arnaldo Otegi (Ezker Abertzalea), Iñigo Urkullu lehendakaria (PNV) eta Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE).
Genevako ekitaldia amaitu aurretik, minutu bateko isilunea egin dute biktimak gogoratzeko. ETAren historia errepikatu ez dadila eskatu du Harlandek, eta oraindik erronka handiak daudela eta gauza asko sendatzeke daudela aipatu du.
Bideoa: Olatz Arrieta, Genevako ekitaldian izan den kazetarietako bat