Itxi

ETA-REN AMAIERA

ETA zigorrik gabe ez geratzea eskatu dute biktimek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

ETAren amaiera "porrotaren egiaztapena" besterik ez dela uste dute, eta ezin dela zigorrik gabe geratu, ezta presoak gerturatzearekin saritu ere.

Consuelo Ordoñez, Maite Pagazaurtundua eta Fernando Savater. Artxiboko irudia: EiTB

ETAk bere amaiera iragartzeko kaleratu duen komunikatua "porrotaren egiaztapena" besterik ez dela uste dute biktimek, erakundeak onartu ez duen arren. Halaber, zigorrik gabe ezin dela geratu eta ezin dela presoak gerturatzearekin saritu gaineratu dute.

"Oraindik ETAren hirurehun krimen baino gehiago argitu gabe daudelako, desagertutako biktimez gain, erakundeak ezin du krimenak zigorrik gabe geratzeko biderik aurkitu. Ez diegu ezer zor, ez diegu ezer emango", adierazi du Marimar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko (FVT) buruak.

Miguel Angel Blanco ETAk hil zuen Ermuko PPko zinegotziaren arrebak honako hitzok esan ditu: "ETAk ez digu hildako bat bera ere aurreztu. Hiltzeko gai izan den bitartean hala egiten jarraitu du modu izugarrian. Horregatik, berandu iritsi da bere amaieraren iragarpena. Ez gaude ekintza boluntario baten aurrean, ebidentzia baten egiaztapena besterik ez da".

Covite Euskadiko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboaren bozeramaile batek esan du ETAren komunikatuak ez dituela eragindako biktimak aipatu ere egiten "erantzukizun kriminala bere gain hartzea ukatzen duelako". Azken egunotan ETA "milimetroz milimetro prestatutako propaganda-kanpaina baten protagonista" izaten ari dela esan du, "modu eraginkorrean dosifikatua".

"Azkenean, bere existentzia justifikatzea bilatzen du, baita uneren batean babestu duten edota bere parte izan diren guztien absoluzio historikoa ere", gaineratu du. ETAren siglak "desaktibatu" izanak "ez dakar bere proiektu politikoa desaktibatzea".

Bestalde, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Espainiako Gobernuaren kontra egin du, ETA "berearekin atera baita" eta erakundeak Zuzenbide Estatuak garaitu duela ezkutatzeagatik.

Alfonso Sanchez AVTko presidentearen ustez, "harrigarria" eta "negargarria" da ETAren komunikatua. "Adarra jo digute. Azkenean kriminal hiltzaileak mutiko ontzat hartzen dituzte ospakizun ekitaldiekin, eta Espainiako Gobernuak ezer egin gabe", azaldu du Sanchezek.

Hori argitu gabe dauden 379 atentatuak ebatzi baino lehen gertatuz gero, Espainiako Gobernuak Dignidad y Justicia elkartea izango du aurrean, Daniel Portero presidenteak ohartarazi duenez.

Albisteak (6)