ETA-REN AMAIERA
'Elkarbizitza lortzeko beharrezkoa da bestearen larruan jartzea'
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
Euskal Herriak hamarkadatan bizi izan duen indarkeriak markatu du Maria Jauregi eta Aritz Aranbururen bizitza. Dena den, elkarbizitza eta adiskidetzea oinarri dituen diskurtsoa bere egiten dute.
Euskal Herriak hamarkadatan bizi izan duen indarkeriak markatu du Maria Jauregi eta Aritz Aranburu gazteen bizitza. Maria Jauregi ETAk 2000. urtean hil zuen Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alaba da eta Haritz Aranburu, ostera, 1997an bere buruaz beste egin zuen Eugenio Aranburu HBko Mahai Nazionaleko kidearen semea. Ez batak ez besteak ez dute gaur arte euren bizipenen berri eman mikrofono baten aurrean, harik eta Radio Euskadin hitz egin duten arte. Elkarrizketa zintzoa, ausarta eta eskuzabala eskaini diote "Boulevard" saioari, eta elkarbizitza eta enpatia hitzak izan dituzte ahotan.
Haritz Aranburu eta Maria Jauregi bat etorri dira belaunaldi berriei eta euren seme-alabei zer transmititu behar zaien, indarkeria ez errepikatzeko lan egin behar dela eta amorrurik eta gorrotorik gabeko kultura batean hezi behar dela esaterakoan. Bien iritziz, gertaturiko ezerk ez dauka justifikaziorik eta orain elkarbizitzaren garaia. Enpatia, "bestearen larruan jartzea", ezinbestekotzat jotzen dute elkarbizitza lortzeko eta ez dute uste biktima izateak gertaturikoari buruz hitz egiteko legitimitate handiagoa ematen dienik. Aldi berean, biktimak ez erabiltzea eskatzen dute.
Barkamenari dagokionez, bietako inork ez du barkamen indibidualaren beharrik; aitzitik, gizarte osoari eskatu beharreko zerbait dela uste dute. Maria Jauregiren hitzetan, ETAk ez ezik Gobernu sozialistak ere barkamena eskatu behar du, kasu horretan, GALen gerra zikinean izan zuen parte-hartzeagatik.
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.