Itxi

ALTSASUKO AUZIA

Terrorismo delituaren kalifikazioa desmuntatu dela uste dute Altsasuko gurasoek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Justizia egitea espero badute ere, epaiaren beldur direla azpimarratu dute.

Isabel Pozueta eta Edurne Goikoetxea. ETBk grabatutako bideotik ateratako pantaila irudia.

Altsasuko auzian epaitu dituzten zortzi gazteen gurasoek azaldu dutenez, Auzitegi Nazionalean egin berri den epaiketan terrorismo delituaren kalifikazioa desmuntatuta gelditu da. Behin epaiketa amaituta, "justizia egitea" eta gazteek euren bizitzei berrekitea espero dute, baina epaiaren beldur dira.

Gaur goizean Iruñean egin duten prentsaurrekoan epaiketaren balorazioa egin dute. Horien esanetan, epaiketan zehar aurkeztu diren frogek erabat handitu den kontakizuna desmuntatzeko balio izan dute. Justizia egitea, beraien seme-alabek orrialde "ilun" hori pasatzea eta euren bizitza berreskuratzea espero dute.

Altsasuko gurasoen izenean hitz egin duten Isabel Pozuetak eta Edurne Goikoetxeak adierazi dutenez, 2016ko urriaren 15eko goizaldean gertaturikoa jai giroan gertatutako bat-bateko liskarra izan zen. Horrelakoak jaiak eta alkohola nahasten diren edozein herritan gertatzen direla uste dute. Horien iritziz, ezberdintasun bakarrak Altsasun gertatu izana eta tartean bi guardia zibil zeudela dira. Gaineratu dutenez, urte horretan bertan 9.571 antzerako kasu gertatu ziren eta bakar bat ere ez zen terrorismo gisa epaitu.

Gurasoek iragarri dutenez, "amesgaiztoa" amaitu dadin lanean jarraituko dute eta datozen egunetan bilerak egingo dituzte alderdi politikoekin, sindikatuekin, erakundeetako ordezkariekin eta eragile kultural zein sozialekin. Halaber, maiatzaren 25erako kontzentrazioa deitu dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, 12:00etan, justizia aldarrikatzeko.

Bestalde, espetxean dauden hiru gazteak berehala aske uztea eskatu dute. "Dagoeneko 286.806 kilometro egin eta 69.200 euro gastatu ditugu bidaietan. Urte eta erdi honetan galera fisiko eta psikologiko garrantzitsuak izan ditugu. Justizia egiteko garaia dela uste dugu, eta epaia zortzi familiek bizitza normala berreskuratzeko baliagarria izatea espero dugu", nabarmendu dute.

 

Albisteak (12)