Katalunia
Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin du Kataluniako Presidentzia Legea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Konstituzionaleko magistratuek aho batez eta ordu erdian erabaki dute Carles Puigdemont presidente izendatzea ahalbidetuko lukeen legea behin-behinean baliorik gabe uztea.
Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin du Kataluniako Presidentzia Legea, Espainiako Gobernuak jarritako helegitea tramitera onartuta.
Joan den astean Kataluniako Parlamentuak Presidentzia Legearen erreforma onartu zuen, Carles Puigdemont presidente izendatzea ahalbidetzeko asmoz.
Ministroen Kontseiluak gaur erabaki du Generalitatearen Presidentzia Legearen kontrako errekurtsoa aurkeztea, eta Estatu Kontseiluaren babesarekin jo du Konstituzionalera.
Auzitegi Konstituzionaleko magistratuek aho batez erabaki dute Espainiako Gobernuaren helegitea tramitera onartzea eta, ondorioz, Kataluniako Presidentzia Legea automatikoki bertan behera geratu da.
Ebazpena bete behar dutela eta hala egin ezean desobedientzia delitua egin dezaketela ohartarazi die Konstituzionalak Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari eta Mahaiko kideei.
Espainiako Konstituzioaren arabera, Estatuko Gobernuak lege baten aurka Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkezten duenean, arau hori berehala eta aldi baterako baliorik gabe uztea eska dezake. Lege hori gehienez bost hilabetez egongo da behin-behinean bertan behera.
Auzitegi Konstituzionaleko epai-mahaiak arratsalde honetan aztertu du Espainiako Gobernuaren errekurtsoa eta aipatzekoa da ordu erdi nahikoa izan duela tramitera onartzea erabakitzeko.
Kataluniako Parlamentuak duela egun batzuk onartu zuen Puigdemont Ganberan egon gabe presidente izendatzea ahalbidetuko lukeen Presidentzia Legearen erreforma. Talde soberanista guztiek erreformaren alde bozkatu zuten; oposizioak, berriz, kontra.
Puigdemont Berlinen dago egun, Alemaniak Espainiaren esku utziko duen ala ez noiz erabakiko zain.