EUSKO LEGEBILTZARRA
Legebiltzarrak baztertu egin du Confebaskekin lortutako ituna ezeztatzeko eskatzea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk, PSE-EEk eta PPk Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioaren kontra bozkatu dute. EH Bildu, ostera, abstenitu egin da.
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du Eusko Jaurlaritzari Confebask patronalarekin enplegu alorrean sinatu zuen akordioa bertan behera uztea eskatzen zion mozioa. Patronalaren eta Urkulluren Gobernuaren arteko akordio horren ondorioz, UGT eta CCOO sindikatuak Elkarrizketa Sozialerako Mahaia utzi zuten.
Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioak Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion baliogabetu zezala Confebask patronalarekin berriki sinatu duen EAEn enplegua eta trebakuntza sustatzeko lankidetzarako 2018-2020 Esparru Akordioa.
UGT eta CCOO sindikatuek Elkarrizketa Sozialerako Mahaitik irtetea erabaki zuten, patronalaren eta Jaurlaritzaren arteko akordioan sindikatuak ez zirela kontuan hartu argudiatuta. UGT eta CCOOren erabakiaren ostean, ez dago sindikatuen ordezkaririk Elkarrizketa Sozialerako Mahaian (ELA eta LABek ez dute parte hartu).
Iñigo Urkullu lehendakariak "akatsa" onartu eta bere gain hartu zuen, akordioa eragile sozial eta sindikatuekin "behar bezain beste" ez partekatzeagatik.
EAJk, PSE-EEk eta PPk Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioaren kontra bozkatu dute. EH Bildu, ostera, abstenitu egin da. Koalizioak akordioa ezeztatzea eskatzen zuen sindikatuekin konfiantza giroa berreskuratzeko lehen pauso gisa.
EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du, baina hori ere ez da aurrera atera. Bertan, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari amaiera jarri eta hutsetik hasiko den elkarrizketa sozialerako tresna berri bat bultzatzea eskatzen zuen. EAJ, PSE-EE eta PP aurka agertu dira eta Elkarrekin Podemos, berriz, abstenitu egin da.
Azkenean Eusko Jaurlaritza sustengatzen duten EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa atera da aurrera, bi alderdi horien aldeko botoari eta PPren abstentzioari esker. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, ostera, kontra bozkatu dute. Gauzak horrela, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio Elkarrizketa Sozialerako Mahaira igorri dezala Confebaskekin sinatutako akordioa. Halaber, eragile sozialei beharrezkoak diren erabakiak hartzeko eskatu die Jaurlaritzak, sindikatuek eztabaida guneetan parte har dezaten.