Katalunia
Torrentek telefono bidez galdetuko die taldeei Torraren hautagaitzaz
Agentzia | Erredakzioa
Inbestidurarako hautagaitza ahalik eta lasterren egin nahi du ofizial Kataluniako Parlamentuko presidenteak.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Quim Torra JxCat-eko kidearen hautagaitzari buruz zer iritzi duten galdetuko die ostiral honetan taldeei. Normalean, bilera sorta egin ohi du Ganberako presidenteak, baina inbestidurarako epea agortzen ari denez, telefono bidez egitea erabaki du.
Horrela, albait arinen egin nahi du ofizial Torraren hautagaitza, eta baita inbestidura ere, Parlamentuak ohar baten bidez azaldu duenez.
Prentsa-oharra zabaldu baino minutu batzuk lehenago iragarri zuen Carles Puigdemontek Torraren hautagaitza.
Tenim l'oportunitat de desplegar el mandat de l'#1oct i construir el país de llibertats i drets que milions de persones estan reclamant. @QuimTorraiPla, t'agreixo personalment l'esforç i el sacrifici d'assumir el càrrec en unes circumstàncies tan extremes https://t.co/fca7OvbSoE
— Carles Puigdemont ¿ (@KRLS) 10 de mayo de 2018
Itxura guztien arabera, inbestidura maiatzaren 14an, astelehenarekin, abiatuko da. Torra ezingo dute lehen bozketan aukeratu —gehiengo osoa behar da, eta JxCatek eta ERCk 66 eserleku dituzte—, baina bai bigarrenean, asteazkenarekin, bigarren ahaleginean gehiengo soila nahikoa baita presidentea hautatzeko.