KATALUNIA
Quim Torra Kataluniako presidente izendatu dute CUPen abstentzioarekin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
JxCAT eta ERCren 66 aldeko bozkak eta CUPen lau abstentziok presidentearen kargua eman diote Quim Torrari. Kataluniak 199 egun Governik gabe eman du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Parlamentak Quim Torra inbestitu du bigarren bozketan gehiengo sinplearekin. JxCAT eta ERCren 66 aldeko bozkagatik eta CUPen lau abestentzioengatik lortu du Kataluniako presidente izatea, Carles Puigdemont kargugabetu eta 199 egunera.
Ciudadanos, PSC, Catalunya en Comu-Podem eta PPCren kontrako 65 boto jaso ditu Torrak. Horrela, Puigdemonten lekukoa hartuko dut Torrak, Generalitateko presidente ohia, Jordi Sanchez eta Jordi Turull izendatzeko saiakera antzuen ondoren.
Estatutuarekin ados, Quin Torra inbestitu ondoren, Erregeak formalki izendatuko du. Generalitateko historiaren 131. presidenta izango da. Gainera, Kataluniako Generalitatearen Aldizkari Ofizialean argitaratuko beharko dute izendapena, bost eguneko epearen barruan.
Roger Torrent Parlamenteko presidenteak JxCaten presidentegaiak gehiengo nahiko lortu duela jakitera eman ondoren, Ganberako diputatuak zutik jarri dira (oposizioko gehienak txalotu gabe), Torrak Esla Artadi taldeko bozeramailea besarkatzen zuen bitartean.
Segituan Torra Parlamenteko pasilloetara joan da, gainerako buruzagi parlamentarioak agurtzeko: lehendabizi Sergi Sabriari (ERC) besarkada eman dio, eta ondoren Ines Arrimadas, Miquel Iceta, Xavier Garcia Albiol, Carles Riera eta Xavier Domenechi bostekoa eman die.
Geroxeago, president gisa lehen hitzaldia emateko, atrilera igotzeko gonbit egin dio Torrentek, eta ondoren Els Segadors Kataluniako ereserkia kantatu dute diputatuek, saioari amaiera emanez.
Torraren inbestidura ospatu du Marcel Mauri Omniumeko presidenteordeak, “155.a uxatzeko eta sekula bahitu behar izan ez zituzten erakundeak berreskuratzeko pauso garrantzitsua delako”.
“Elkarrizketaren bideari eta erakundeen arteko harreman politikoetan akordioari berriz eusteko” garai berri bat izatea opa dio Iñigo Urkullu lehendakariak Torrari. Zentzu horretan, “lankidetza bidea jorratzeko jarrera” azaldu dio EAEko buruzagiak president berriari. Facebook sare sozialean, Torra zoriontzeko mezu bat bidali izana onartu du Urkulluk.
Era berean, EAJk Joaquim Torra zoriondu du. “Abenduaren 21ean, hautestontzietan herritarrek azaldutako borondatearen isla izango den Govern bat laster osatzea” espero dute jeltzaleek, eta Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeari uztea eskatu dute.
“131 presidentari zorterik onena” opa diote jeltzaleek Torrari agiri batean, haren arrakastak “Kataluniako herriaren arrakastak izango direlako”.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea eta Jasone Agirre koalizioko legebiltzarkidea Torraren inbestidura saioan izan dira.