AUTOGOBERNU LANTALDEA
Elkarrekin Podemosek boto partikularra emango dio estatus berriaren hitzaurreari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koalizio moreak ez du bat egingo EAJk eta EH Bilduk proposatutako testuarekin. Autogobernu Lantaldeak datorren asteazkenean egingo du bilera.
Elkarrekin Podemos ez dator bat EAJk eta EH Bilduk estatus politiko berriaren hitzaurrerako proposaturiko testuarekin; aitzitik, boto partikularra emango du. Koalizio morearen esanetan, bi alderdi horiekin dituzten diferentziak adostasunak baino gehiago dira. Autogobernu Lantaldeak datorren asteazkenean egingo du bilera.
Lantaldean parte hartzen ari diren alderdiek datorren asteazkenera arteko epea jarri zuten hitzaurreari buruzko jarrerak gerturatzeko asmoz. Ez hori bakarrik, Eusko Legebiltzarreko alderdiek erabakitzeko eskubidea edota nazio izaeraren inguruan dituzte desadostasunak tarteko, boto partikularrak egoteko aukera aurreikusi zuten.
Koalizioko iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez, EAJ eta EH Bildurekin hainbat hartu-eman izan eta diferentziak adostasunak baino gehiago direla egiaztatu ostean hartu dute erabakia.
Elkarrekin Podemosek Autogobernu Lantaldeak asteazkenean egingo duen bileran aurkeztuko du bere boto partikularra. Batzar horretan atariko tituluari buruzko proposamena ere aztertuko dute.
Atariko tituluari dagokionez, Elkarrekin Podemos EH Bildu prestatzen ari den dokumentua ezagutu zain dago boto partikularra eman ala ez erabakitzeko. Koalizioaren esanetan, atariko tituluaren eta hitzaurrearen edukiek antzekotasun asko ei dituzte.
Hortaz, EAJ eta EH Bilduk bakarrik gelditu dira jeltzaleek proposaturiko hitzaurrearen defentsan. Izan ere, PSE-EE eta PP ere kontra agertu dira.