Katalunia
'Mugarik eta baldintzarik gabe' hitz egiteko bilera eskatu dio Torrak Rajoyri
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 1eko 'adierazpenarekin leiala' izango den proiektu politikoa defendatuko duela azpimarratu dio Kataluniako Generalitateko presidenteak gutun baten bidez.
Quim Torra Generalitateko presidenteak gutun bat bidali dio Mariano Rajoy Espainiako Exekutiboko buruari, "bihar bertan hitz egiten hasteko, baldintzarik eta denbora mugarik gabe". Urriaren 1eko "adierazpenarekin leiala" izango den proiektu politikoa defendatuko duela azpimarratu dio idatzian.
Kataluniaren eta Espainiako estatuaren arteko "gatazka politikoa soilik politikatik" landu behar dela berretsi du Torrak. Horrenbestez, presidente gisa bidali duen lehen gutuna Rajoyri igorri nahi izan diola azaldu du.
"Elkarrizketa bihar bertan hasteko prest nago, baldintzarik gabe, elkarri zor diogun errespetu instituzionalarekin, edozertaz hitz egiteko, denbora mugarik gabe, eta egokien iruditzen zaigun formatuarekin", azpimarratu du Kataluniako presidenteak.
Atzo presidente kargua hartu ostean, Torrak edozerri buruz eta baldintzarik gabe hitz egiteko asmoa agertu du gutunean. Joan den abenduaren 21ean "herritarren gehiengoak babestutako proiektu politikoa defendatuko duela nabarmendu du, urriaren 1eko adierazpen demokratikoari eta haren emaitzari leial".
"Ohiz kanpoko" egoera Katalunian
Horrez gain, Katalunian bizi den "ohiz kanpoko" egoera nabarmendu du Generalitateko presidenteak. Gaur egun "espetxean edo atzerrian" dauden politikari kataluniar "demokratak eta ohoragarriak" gogoratu ditu.
Elkarrizketa "legegintzaldi honetako kontzepturik garrantzitsuenetako bat" izango dela bermatu du Torrak, "aurrera egiteko modurik onena" dela uste baitu.
Bestalde, Kataluniako Gobernuaren lehentasunak "aurrerapena, gizarte kohesioa, oparotasun ekonomikoa, eta demokraziaren zein oinarrizko eskubideen defentsa" izango direla azpimarratu du, "7,5 kataluniarrentzat herrialde hobea eraikitzeko".