Gure Esku Dago
Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza armarria osatu dute Iruñean
eitb.eus
Ehunka herritar bildu dira eguerdian Iruñeko Gaztelu plazan Gure Esku Dagok deituta, Nafarroako etorkizuna nafarrek erabaki behar dutela aldarrikatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gure Esku Dagok deituta, mila bat herritar bildu dira gaur eguerdian Iruñeko Gaztelu plazan Nafarroako etorkizunaz erabakitzeko nafarrek duten eskubidea aldarrikatzeko. Hala, Nafarroako armarria osatu dute giza mosaiko batean.
'Etorkizuna nafarron esku' lelopean, jai giroan ospatu dute ekitaldia. Gazte batek eman ditu armarria osatzeko jarraibideak Gaztelu plazako kioskotik. Aldez aurretik lurrean ipinitako marken gainean jarri dira parte hartzaileak, eta ondoren, banatu dizkieten puxika gorriak astindu dituzte.
Elastiko eta zapi gorriak jantzita, Nafarroaren "burujabetza" aldarrikatu dute amaierako adierazpenean, plazan egindako armarriak ordezkatzen duen printzipioa, alegia.
"Nafarroako armarria iraganetik badator ere, gu etorkizunari begira gaude, etorkizuna irabazi nahi dugu, guretzat eta gure seme-alabentzat. Hormak eta harresiak ez ditugu maite, elkarrekin bizi eta etorkizuna hautatu nahi dugu", esan dute Aitor Urrutia eta Miriam Mendikute bozeramaileek. "Beraz, erabakitzeko eskubideari heldu diogu, erabakitzeko eskubidea bultzatzea, burujabetza, elkarbizitza, demokrazia eta berdintasuna bultzatzea delako".
Orain arte Euskal Herrian 203 galdeketa egin dituztela azpimarratu dute: "Nafarroan, ia 10.000 pertsonak bozkatu dute, 47 herritan". Horrenbestez, "erabakiaren bidean, etorkizuna nafarron esku jartzeko bidean, pauso garrantzitsuak ematen ari gara", ondorioztatu dute.
Adierazpenaren amaieran aldarrikatu dutenez, "erabakitzea maite dugu, denaz erabakitzea, herritar burujabe gisa. Eta ziur gaude: gure etorkizuna erabakitzera goaz! Bada garaia. Gure etorkizuna erabakitzea da gaur egungo erronka kolektibo ederrenetakoa. Mugi gaitezen, ilusioz eta irudimenez. Har dezagun bidea, Gure Esku Dago eta!".
Giza kate erraldoia ekainaren 10ean
Hurrengo ekimena ekainaren 10ean izango da, giza kate erraldoia antolatu baitu Gure Esku Dagok. 201,9 kilometroko ibilbidean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditu kateak. Antolakuntzaren esanetan, 100.000 bat pertsona beharko dituzte helburua betetzeko.