Quim Torrak izendatuta
Kataluniako kontseilarien izendapena 'probokazio'tzat jo du Espainiako Gobernuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Rajoyren Exekutiboak deitoratu duenez, "Torra Jaunak helarazitako eztabaidarako borondatea ez zen zintzoa". Gainera, Kataluniako Gobernu berri horren "bideragarritasuna" aztertuko duela iragarri du.
Kataluniako Gobernu berria osatuko duten kontseilarien izendapena "probokazio"tzat jo du Espainiako Gobernuak, Quim Torrak Kataluniako presidenteak espetxean edo ihesean dauden lau kontseilari izendatu ostean. Gainera, Espainiako Gobernuak agiri baten bidez ohartarazi duenez, Kataluniako Gobernu berri horren "bideragarritasuna" aztertuko du.
Mariano Rajoyren Gobernuaren iritzian, atzo Torrak eskutitz baten bidez helarazitako "eztabaidarako borondatea zazpuzten du, izendapen horiek erakusten baitute borondate hori ez zela zintzoa".
"Atzo Torra Jaunak plazaratutako eztabaida-borondateak 24 ordu baino gutxiago iraun du, kontseilari-proposamen hori probokazio berri bat baita, izan ere, horietako batzuk Justiziarengandik ihesean daudelako edo behin-behineko espetxean", azaldu du Espainiako Gobernuak ohar baten bidez.
Bestalde, iragarri duenez, "Idazkaritzaren bidez, iragarritako Kataluniako Gobernu berriaren bideragarritasuna aztertuko dugu, izendatutako batzuen egoera pertsonala dela-eta". Behin-behineko espetxean dauden Jordi Turull eta Josep Turull, eta Belgikan dauden Antoni Comin eta Lluis Puig kontseilari izendatu ditu Quim Torra Kataluniako presidenteak.
"Normaltasuna berreskuratzeko aukera galdu du" Torrak, Espainiako Gobernuaren esanetan, "bere erabakiek erakusten dutelako Estatuarekiko eta Kataluniako gizartearen gehiengoarekiko konfrontazio-estrategiari eutsi nahi diola".