Dirua zuritzea leporatuta
Zaplana Madrilera eramango dute gaur miaketa gehiago egiteko
Agentzia | Erredakzioa
Valentziako presidente eta ministro izandakoak Guardia Zibilaren Valentziako Komandantzian eman du gaua.
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboko agenteek (UCO, gaztelerazko sigletan) Madrilera eramango dute gaur Eduardo Zaplana Valentziako presidente eta Aznarren garaian ministro izandakoa, miaketa gehiago egiteko.
Ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez, ministro ohiak Espainiako hiriburuan duen beste etxe bat eta bulego bat miatu behar dituzte; ondoren, epailearen esku utziko dute.
Asteartean atxilotu zuten PPko buruzagi ohia, Valentzian, dirua zuritzea eta zerga iruzurra egotzita. Atzo Valentziako eta Benidormeko etxeak miatu zituen Guardia Zibilak.
Gaua Guardia Zibilak Valentzian duen Komandantzian eman du Zaplanak.
Zaplana Valentziako Generalitatearen buru zen garaian esleipenengatik ustez jasotako legez kanpoko komisioak —10 milioi euro inguru— ikertzen ari dira Ustelkeriaren kontrako Fiskaltza eta Guardia Zibila. Dirutza atzerrian gorde omen zuen buruzagi popularrak, eta diru beltz hori Espainiara sartzen ahalegintzen ari zenean atxilotu dute.