Itxi

Epaia

Auzitegi Nazionalak PP, Barcenas eta Correa kondenatu ditu Gurtel auziagatik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

33 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Luis Barcenasi, eta 15 urtekoa haren emazteari. Francisco Correari, berriz, 51 urteko kartzela-zigorra ezarri dio.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Auzitegi Nazionalak 33 urte eta 4 hilabeteko kartzela-zigorra eta 44 milioi euroko isuna ezarri dio Luis Barcenas PPko diruzain ohiari, eta 15 urtekoa haren emazteari, Gurteleko lehen etapan (1999-2005) egindako iruzur delituengatik.

Espetxe-zigor handiena sareko buruari jarri diote. 51 urte eta 11 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote Francisco Correari, eta haren emazte ohiak ere ia 15 urte eman beharko ditu kartzelan.

Epaiak frogatutzat eman du PPk B kutxa bat zuela finantzatzeko. Hala, 245.492 euro ordaindu beharko ditu Gurtel sarearen lehen etapan etekina ateratzeagatik.

Barcenasen konfiantzazko gizona ere kondenatu dute. 37 urte eta sei hilabete eman beharko ditu kartzelan Pablo Crespok. Bide bera hartuko dute Majadahondako alkate ohiak eta Madrilgo Kirol kontseilari izandakoak ere.

Jesus Sepulvedak, Ana Matoren senarrak, 14 urte bete beharko ditu eta Osasun ministro ohiak 27.857 euro ordaindu beharko ditu Gurtel saretik jasotako opariengatik.

Epaia ezagutu eta gutxira, PPko zuzendaritza Genovan bildu da eta isunaren aurkako errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du alderdiak.

Magistratuen iritzian, sarearen bidez jasotako eskupekoen eta PPren B kutxatik atera omen zuen diruaren bidez 48,2 milioi euro bildu zituen Barcenasek Suitzan.

Rosalia Iglesias senarrarekin elkarlanean aritu zen

Epaiaren arabera, jarduteko modua honakoa zen: Francisco Correa enpresariekin harremanetan jartzen zen, eta, ondoren, Barcenasek beharrezko izapideak egiten zituen "nahi zuten enpresariak esleipenak lor zitzan, eta lanak egiten ari zirenean proiektua garestitu egiten zen, geroago banaketa egiteko, adostuta zuten moduan".

Epaiaren arabera, Rosalia Iglesias senarrarekin elkarlanean aritu zen 2000tik aurrera legez kontra dirua irabazteko eta Suitzan diru hori gordetzeko. Gerora, operazio komertzial ezberdinen itxura eginez, Ogasunari ezkutatuko diru hori aterarazi zuten.

Auzitegi Nazionalak, gainera, zerga-delitua egotzita kondenatu ditu, 2003, 2006 eta 2007. urteetan iruzur egiteagatik; hortaz, sei milioi euroko zorra eta interesak ordaindu beharko dizkiote Ogasunari.

Horrela, Luis Barcenas eta Rosalia Iglesias espetxean sartuko dira. Barcenasek jada 19 hilabete eman zituen behin-behineko espetxealdian Suitzako ezkutuko dirua zela eta, baina orain berriro sartuko dute Gurtel auzia dela eta Auzitegi Nazionalak ezarri dion lehen kondena betetzeko, oraindik epaitzeko baitago PPko B kutxaren eta horren paper ospetsuen auzia.

Auzitegiak absolbitu egin du Alvaro Perez Alonso 'El Bigotes' Gurteleko lehen etapako iruzurren auzian; Fiskaltzak bost urte eta bi hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen zuen berarentzat.

Luis Valor San Roman (Majadahonda Udaleko Teknologia Berrien zuzendari ohia), Jacobo Ortega Alonso (Guillermo Ortegaren anaia) eta Jose Antonio Saenz Jimenez (Pozuelo de Alarcon udalerriko zinegotzi ohia) ere absolbitu dituzte.

Gurtel auziarekin lotutako enpresari hauek absolbitu dituzte: Carmen Garcia Moreno, Antonio Martin Sanchez, Juan Ignacio Hernandez Rodriguez eta Inmaculada Mostaza.

Guztira, 37 akusatuetatik 29 zigortu dituzte. 9 urteko instrukzioaren ostean, frogek argi utzi dute kondenatuek iruzurra egin zutela. Gaurkoa, ordea, Gurtel auziaren lehen epaia besterik ez da.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)