Itxi

UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

Fernandez de Pinedo eta Larrion, EH Bilduren Araba eta Gasteizko zerrendaburuak

EITB.EUS

Leer en Castellano

EH Bilduk Gasteizerako eta Arabarako duen proiektu politikoa 'hobekien ordezkatzen' duten kideak direla esan du koalizio abertzaleak.

Kike Fernandez de Pinedo eta Miren Larrion.

Kike Fernandez de Pinedo eta Miren Larrion izango dira EH Bilduren Araba eta Gasteizko zerrendaburuak, hurrenez hurren, 2019ko Udal eta Foru Hauteskundeetan. Ezker abertzaleko koalizioak esan duenez, "izenak emateko epea agortuta, Arabako Mahai Politikoaren aho bateko babesa duten hautagaitza bakarrak aurkeztu dira bai Arabako zein Gasteizerako".

Ondorioz, ez da bozketarik egingo eta Hauteskunde Batzordeak zerrendaburuak izendatu ditu.  Arabako Mahai  Politikoaren nabarmendu du EH Bilduk Gasteizerako eta Arabarako duen proiektu politikoa "hobekien ordezkatzen" duten kideak direla Larrion eta Fernandez de Pinedo.

"Luze erakutsi dute euren gaitasuna eta herrialde zein hiriburuarekiko daukaten konpromiso eta ardura maila eta, ondorioz, irabazita dute ere herritar askoren artean Arabako Ahaldun Nagusi eta Gasteizko Alkate izateko sinesgarritasun eta konfiantza maila", azaldu du EH Bilduk ohar batean.

Kike Fernandez de Pinedo (Gasteiz, 1961) Euskal Filologian lizentziatua, Bigarren Hezkuntzako irakaslea da.  2011-2015 legealdian Gasteizko Udaleko EH Bilduko bozeramailea izan zen eta, gaur egun, Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramailea da.

Miren Larrion (Legazpi, 1969) Industria Ingeniaritza Doktorea, UPV-EHUko irakaslea eta UEUko kidea da. Legealdi honetan Gasteizko Udaleko EH Bilduko bozeramailea da eta 2016tik eusko legebiltzarkidea.