Epaia
2-13 urteko zigorra ezarri diete Altsasukoei, terrorismoa egotzi ez arren
Agentzia | Erredakzioa
Arnanzi eta Abadi 13 urteko zigorra jarri diete; Unamunori eta Ramirez de Aldari 12na urtekoa; Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola gazteei 9na urtekoa; eta Ainara Urkijori, bi urtekoa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak bi eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri diete Altsasuko gazteei, 2015eko urriaren 15ean Nafarroako herrian gertatutako liskarrengatik. Fiskaltzak ez bezala, Auzitegiak ez du terrorismo zantzurik ikusi gertakarietan, baina zigor handiak ezarri dizkie gazteei.
Auzitegiak hainbat delitu egotzi dizkie: agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak. Terrorismoa baztertu du Epaimahaiak, "ez baita guztiz frogatua geratu ekintzaren helburu terrorista, ezta akusatuek ETArekin duten lotura edo partaidetza", argudiatu du epaian.
Dena dela, epaileek bi astungarri atzeman dituzte: nagusitasun-egoeraz abusua eta gorrotoa. Epaiaren arabera, gazteek "Guardia Zibilari dioten ezikusiak eta mespretxuak jota" jokatu zuten, "arrazoi ideologikoak tarteko".
Fiskaltzak 12-62 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen zortzi akusatuentzat, lesio eta mehatxu terrorista delituak leporatuta.
Zigor handiena ezarri diete
Zigor Kodeak delitu horiengatik aurreikusten duen zigor handiena ezarri die akusatuei. Hala, Oihan Arnanzi eta Iñaki Abadi 13 urteko kartzela zigorra jarri diete, Jokin Unamunori eta Adur Ramirez de Aldari 12na urtekoa, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola gazteei 9na urtekoa, eta Ainara Urkijori, bi urtekoa.
Defentsak helegitea jarriko du Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoaren aurrean.
Gainera, zigortuek kalte-ordainak pagatu beharko dituzte: 9.200 euro tenienteari, 3.750 euro sarjentuari eta 6.100 euro bi emakumeei lesioengatik, eta baita 45.000 euro tenientearen bikotekideari eta beste 25.000 euro sarjentuaren neska-lagunari kalte moralengatik ere.
Nahiz eta terrorismoagatik ez zigortu, "jokabide larrien aurrean", aretoak zigorrik handienak ezarri ditu: "XXI. mendean, zuzenbidezko Estatu demokratiko batean, guardia zibilak izateagatik soilik Altsasun askatasunez mugitu ezin izatea, ezin da onartu; bakarrik toki zehatz batzuetara joan ahal izatea eta gauean aisialdi eta dibertitzeko aukerarik ez izatea".
Biktimen testigantza "argia, irmoa, sendoa eta bateratua" goraipatu du epaimahaiak, "beste froga batzuekin batera", erasotzaileek biktimak Guardia Zibileko kideak zirela bazekitela egiaztatzeko balio izan dutela argudiatzeko. Horrela, gazteek "gorrotoz" eraso egin zutela ebatzi du auzitegiak.
Epaiaren arabera, "ez zen taberna borroka edo istilu ala eztabaida txiki bat izan”. Inork ez zituen biktimak lagundu, tabernako jabeak salbu, eta "ahozko indarkeria eta mehatxu zuzenen" artean gertatu zen.
"Bagenekien terrorismo akusazioak oinarririk ez zuela, eta epaiketa ondoren, asmoa zigorrik handienak lortzea zen, terrorismoa alde batera utzita", salatu dute gazteen gurasoek epaiaren berri izan ondoren.
"Gaur gure susmoak baieztatu dira", adierazi dute auzipetuen gurasoek txio batean, Twitter sare sozialean. "13 eta 2 urte bitarteko zigorrak, akusazioak frogatu ez dituen gertakari batzuengatik", kritikatu dute.
"Ez gara begira geratuko, gure seme-alabei gaztaroa lapurtzen dieten bitartean", ohartarazi dute. Horrela, elkarretaratzea deitu dute 20:00etarako, Altsasuko udaletxearen aurrean.
Zortzi gazteen gurasoek agerraldia egin dute arratsaldean eta epaia "mendekua" dela salatu dute. Defentsako abokatuek helegitea aurkeztuko dutela berretsi dute eta ekainaren 16an, Iruñean, manifestazioa deituko dutela iragarri dute.
Bestalde, sententziak "jipoia eta gorrotoa" aitortzea ospatu du Guardia Zibilen Elkarte Bateratuak (AUGC).
Guardia zibilekiko "etsaitasuna" murrizten joatea "espero" du elkarteak, "gizarte demokratiko batean desiragarria den elkarbizitza" lortu arte. Guardia zibilek eta haien senitartekoek bakean ezin bizi ahal izatea ez da "onargarria", erantsi duenez.