Altsasuko auziaren epaia
Altsasuko gazteen gurasoek epaia 'mendekua' dela salatu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi eta hamahiru urte arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkiete zortzi gazteei. Abokatuek helegitea aurkeztuko dute eta senideek manifestazioa iragarri dute ekainaren 16rako Iruñean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Altsasuko gazteen gurasoek salatu dute Auzitegi Nazionalak beren seme-alabei ezarritako kartzela-zigorra "astakeria" dela, epai-mahaiak terrorismo deliturik izan ez dela esan badu ere.
Bi eta hamahiru urte arteko espetxe-zigorrak ezarri dizkiete Altsasuko Koxka tabernan bi guardia zibilekin izandako liskarragatik.
Gazteen senideek agerraldia egin dute Iruñean, hainbat lagunek babestuta. Defentsako abokatuek helegitea aurkeztuko dutela eta ekainaren 16an, Iruñean, manifestazioa deituko dutela iragarri dute.
Isabel Pozuetak, zigortutetako baten amak, esan du epaia "mendekua" dela eta "mina eragiteko xedea" duela.
"Oso minduta gaude, baina aurrera egingo dugu; ez gara geldi geratuko minduta gaudelako", azpimarratu du. Ildo horretan, "aski da" esateko garaia dela esan eta ekainaren 16ko manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Pozuetak salatu du bere seme-alabei ezarritako epaiak "helburu politikoa" duela eta erantsi du ez dela kasualitatea ebazpena gaur ezagutarazi izana.
Senideek hasieratik esan du Koxka tabernan gertatu zena ez zela terrorismoa izan. Alabaina, "kasua Auzitegi Nazionalera eraman zuten, terrorismo deliturik izan ez arren, han zigorrak gogorragoak izango zirelako".
"Epaia mendeku politikoa da, baina ez gara probokazioetan eroriko; guk ez dugu kartzelarik nahi, ez gure seme-alabentzat, ezta beste inorentzat ere", gaineratu du.
Edurne Goikoetxeak ere hartu du hitza prentsaurrekoan. Hau guztia "bidegabea" dela esan du eta familiak "oso gaizki" pasatzen ari direla onartu du. Horrela bada, gizartearen babesa eta elkartasuna eskertu ditu.
Geroa Baik esan du Altsasuko gazteen kontrako epaia "lotsagarria" eta "gehiegizkoa" dela. "Espainiako Justiziarengandik espero zitekeen ebazpena da, Europan eta nazioartean sinesgarritasunik ez duen Justiziarena, hain zuzen ere", gaineratu du.
Unai Hualde Altsasuko alkate ohi eta Geroa Bai parlamentariari esanetan, "auzi honekin egiten ari direna ez da bidezkoa eta instantzia guztietan salatzen jarraitu beharko dugu".
EH Bilduk uste du ebazpenak agerian utzi duela Auzitegi Nazionala "salbuespenezko" auzitegia dela, "traza ideologiko garbia duena".
Prozesu judiziala hasieratik "bidegabea" izan dela esan du koalizio soberanistak. "Helburu politikoekin erabili dute auzia, aktiboa eta geldiezina den Altsasuko gazteria zigortzeko asmoz", kritikatu du.
Bestalde, Sortuk adierazi du Auzitegi Nazionalak "muturreraino" eraman duela Altsasuko gazteen aurkako zigorra eta herritarrei kalera ateratzeko deia luzatu die, epaia salatu eta zigortuak babesteko.
Ezker abertzalearen aburuz, ebazpen horrek agerian uzten du "Francoren osteko erregimenean ez dagoela demokraziarik, ezta botere banaketa eta justiziari ere; gerrarako gogoa baino ez dute".
"Trikorniodun epaileak dauden bitartean ezinezkoa izango da bizikidetza egonkorra eta behin betiko bakea eraikitzea", ohartarazi du. Horrenbestez, Estatu espainiarrarekin "loturak haustea" eta independentzia lortzea ezinbestekotzat jo du Sortuk.
Altsasuko auziaren epaia Carles Puigdemontek berak ere kritikatu du.
Erbestean dagoen Kataluniako presidente kargugabetuak mezu bat argitaratu du bere Twitter kontuan, ebazpena "bidegabea" dela esanez eta zortzi gazteei eta haien senideei elkartasuna adieraziz.
Mi apoyo y mi afecto a vuestros hijos y familias ante tanta injusticia. https://t.co/b0JQ8uRCkA
— Carles Puigdemont ¿ (@KRLS) 1 de junio de 2018