Itxi

PSE-EE

Pedro Sanchezekin 'duintasun eta zintzotasun garaia' abiatuko dela dio Mendiak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Durango egindako ekitaldi batean PSE-EEko idazkari nagusiak baieztatu duenez, 'elkarrizketa eta akordioaren ordua da, eta itxaropen aroa abian da'.

Idoia Mendiaren agerraldia Durangon. EiTB

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izanik, "elkarrizketa eta akordioaren garaia" iritsi dela esan du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, "itxaropen aroa" abiatuko dela azaltzeaz gain. Jarraian ohartarazi duenez, ezingo dute sozialistekin aritu "herritarrak maila desberdinetan sailkatu nahi dituztenek".

Arrosaren Eguna dela eta Durangon egindako ekitaldi batean, "Rajoyren garai ilunaren osteko lehen eguna" dela berretsi du Mendiak. Hala, "galdutako denbora berriz berreskuratzeko aukera gisa suspertu da sozialismoa" esan du.

Eusko Jaurlaritzako sailburu sozialistak ez ezik, PSEko hainbat kargu organiko, Patxi Lopez eta Odon Elorza Durangon izan dira. Pedro Sanchezen hitzematea zuzenean ikusi dute, eta txalo artean ospatu.

Sozialistak Espainiako Gobernura itzuli diren egunean, "guztion artean erdietsitako lorpena" dela nabarmendu du Mendiak: "horri esker, Rajoyren garai ilunaren ondorengo lehen egunean gaude. Pedro Sanchezen lehen eguna presidente gisa".

Mendiaren aburuz, "garbitasunaren eta etika herritarraren garaia" ipiniko da martxan, baita "Gobernuarekiko zintzotasuna zein justizia soziala politika publikoetan" ere. "Hitz egiteko, bestea onartzeko eta herritarrak batuko dituen akordioak" lortzeko ordua da. "Itxaropen garaia abian da sozialisten eskutik, eta PSOEk gidatuko duen garai berria martxan da Espainian", gaineratu du.

Bestalde, EAJrekin Eusko Jaurlaritzan, udaletxeetan eta foru aldundietan lortutako akordioen balioa defendatu du, nahiz eta "oposizioan, kritika errazean geratzeko aukera izan".

"Agenda soziala"

Euskadiko Exekutiboaren "agenda soziala" PSEri dagokiola esan du. Beraz, "lanaren, garapen ekonomikoaren alde lan egiteaz gain, % 10eko langabezia gutxitu eta eskasiaren aurka borroka" egin ahal izan dutela berretsi du.

Testuinguru horretan, "guztiok berdinak gara eta eskubide berdinak ditugu", esan du Mendiak: "Denok gara euskaldunak, maila berean. Eta garrantzitsuena, sozialistek bermatu dugu aniztasun hori. Sozialistek bermatuko dugu etorkizunean ere".

Albisteak (3)