Itxi

Espainia

Josep Borrell Pedro Sanchezen Gobernuko Atzerri ministroa izango da

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

71 urteko politikari kataluniarra Felipe Gonzalezen azken Gobernuan ministro izan zen duela bi hamarkada.

Pedro Sanchez eta Josep Borrell. Artxiboko argazkia: EFE

Pedro Sanchez sozialistak Petro Poroxenko Ukrainako presidentea hartu du gaur Moncloan. Aldi berean, bere Gobernuaren osaketa amaitzen ari da. Horrela, Josep Borrell Europako Parlamentuaren presidente ohia Atzerri ministroa izango da, presidentearen hurbileko iturriek jakitera eman dutenez.

71 urteko politikari kataluniarra ingeniari aeronautikoa eta Ekonomia Zientziatan doktorea da. Felipe Gonzalezen azken Gobernuan ministro izan zen duela bi hamarkada. Espainiako Gobernuko presidentegaia izateari uko egin zion 1999an, nahiz eta barne-hauteskundeetan Joaquin Almuniari irabazi.

Duela urtebete egin zituzten barne-hauteskundeetan Sanchezen babes nagusietako bat izan zen Borrell. “Ezkerreko” proiektu politikoaren idazketan parte hartu zuen, Sanchezek PSOEko buruzagitza berreskuratzeko.

Iaz, urte bukaeran, presentzia mediatikoa areagotu zuen Borrellek, U-1eko erreferenduma egin ondoren, aldebakarreko independentzia adierazpenaren aurka eta Espainiako batasunaren alde agertu zen, Sociedad Civil Catalanak (SCC) deitutako manifestazioetan, Bartzelonan.

Exekutiboko organigrama eta izenak datorren asteazkenean jakinaraziko ditu Sanchezek. Ministroak ostegunean jabetuko dira karguaz, eta Ministroen lehen Kontseilua ostiralean egingo dute.

Berdintasun Ministerioa berreskuratuko omen du Sanchezek. Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente sozialistak 2008an sortu zuen, bi urte geroago kentzeko. Bestalde, Haurren Pobreziari aurre egiteko Goi Komisario bat sortuko du Sanchezek.

Albisteak (4)