Altsasuko auzia
Altsasuko gurasoak: 'Erantzun bateratua, argia eta indartsua emateko unea da'
EITB.EUS
Gaurko polizia-operazioa "neurriz kanpokoa" izan dela kritikatu dute. Atxilotuei elkartasuna adierazteagatik, Guardia Zibilak hainbat herritar jo eta identifikatu egin dituela salatu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur goizean Guardia Zibilak Altsasun egin duen polizia-operazioa "neurriz kanpokoa" eta "beharrezkoa ez" zela salatu dute Altsasuko gazteen gurasoek, "ihes egiteko arriskurik ez zegoelako".
"Justizia guztiontzat berdina ez dela berdina ikusi dugu. Kasu batzuetan fidantzak eta askatasuna; gurean, atxiloketak eta kartzelaratzeak", kritikatu dute.
Hori dela eta, "erantzun bateratua, argia eta indartsua" emateko unea iritsi dela azpimarratu dute, arratsalde honetan Altsasun egin duten agerraldian.
Jon Ander Cob, Julen Goiekoetxea, Aratz Urrizola eta Iñaki Abad dira gaur goizean Guardia Zibilak atxilotu dituen gazteak. Laurak behin-behineko askatasunean zeuden. Bederatzi eta 13 urte bitarteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie Auzitegi Nazionalak, bi guardia zibilekin izan zuten liskarragatik. Ainara Urkijo ere zigortu zuten, baina ez dute atxilotu. Bi urteko zigorra ezarri zioten eta ez du espetxera joan beharko.
Lau atxilotuak Auzitegi Nazionalean zeuden bitartean, haien senideek agerraldia egin dute, dozenaka herritarren babesarekin.
"Min handia" egiten ari zaizkiela esan dute, baina min hori jendearengandik jasotzen duten "maitasunarekin, babesarekin eta elkartasunarekin" gainditzen dutela erantsi dute.
Beste behin justizia guztiontzat "berdina ez" dela agerian geratu dela salatu dute, kasu batzuetan fidantzak eta askatasuna ezartzen direnean, euren kasuan "atxiloketak eta kartzela" ezarri direlako.
Halaber, gaurko polizia-operazioa "neurriz kanpokoa" eta "beharrik gabekoa" izan dela kritikatu dute. "Ihes egiteko arriskurik ez zegoen; hori atxiloketak egiteko aitzakia izan da", gaineratu dute.
"Indar erakustaldia egin nahi izan dute. Eta Iñaki, Aratz, Julen eta Jon Ander atxilotzearekin ez dute nahikoa izan. Atxiloetuei elkartasuna erakutsi diegun herritarrak identifikatu eta mehatxatu egin gaituzte, borrekin jo eta isunak jarri dizkigute. Botere abusu bat eta Altsasuko herriaren aurkako beste eraso bat izan da", salatu dute.
"Gorroto dinamika batean kateatu nahi" dituztela ohartarazi dute. "Baina gu ez gara haien bezalakoak eta Altsasuko, Nafarroako eta Euskal Herriko kaleak modu aldarrikatzaile eta plural batean betetzen jarraituko dugu, gero eta gehiago garelako", adierazi dute.
Bere seme-alabak nola atxilotu eta espetxeratzen dituzten ikusita, "besoak gurutzatuta" gelditu ezin direla nabarmendu eta erantzun "bateratuta, argia eta indartsua" emateko deia egin dute.
"Neurriz kanpokoa eta beharrik gabea izan da gaurkoa, herriarekiko bortitza eta oso mingarria. Gure herriko lau lagun eraman dituzte. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Erantzun bateratu, argi eta indartsua emateko unea da. Altsasun, Nafarroan eta Euskal Herrian erantzun behar dugu, Estatuko gainerako herrien laguntzarekin", azaldu dute.
Ildo horretan, Altsasun eta Euskal Herriko herri ezberdinetan gaurko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko eta ekainaren 16an Iruñean deitu duten manifestaziora joateko deia egin dute.
"Injustizia eta krudeltasun egoera honen kontra dagoena kalera atera behar da. Justizia gogoak elkartzen bagaitu, ekainaren 16an Iruñeko kaleak jendez betetzea dagokigu. Min handia egin digute. Zuen elkartasuna eta babesarekin soilik gainditu dezakegu mina", adierazi dute.
Halaber, eragile politiko eta sozialei ere "haien esparruetan" mobilizazioak antola ditzatela eskatu diete.
Agerraldia amaitzeko, Altsasu bakean uzteko eta Altsasuko gazteak askatzeko galdegin dute, bertaratutakoen auzokideen txalo artean.