Altsasu Auzia
Altsasun gaur atxilotutako lau gazteak espetxeratzeko eskatu du fiskalak
Agentziak | Erredakzioa
Ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta, lau gazteak fidantzarik gabe kartzelan sartzeko eskatu du Fiskaltzak, Auzitegi Nazionalean 16:00etan hasita egiten ari diren saio azkarrean.
Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola eta Iñaki Abad Altsasun gaur atxilotutako lau gazteak "baldintzarik gabe berehala espetxeratzeko" eskatu du Fiskaltzak, "ihes egiteko arriskua" dagoela argudiatuta.
9 eta 13 urte arteko zigorrak ezarri zizkien epaileak lau mutil horiei, 2015eko urrian bi guardia zibili eta haien bidekotekideei eraso egitea egotzita, eta gaur arte baldintzapean aske zeuden. Joan den ekainaren 1ean kaleratu zuen epaia Concepcion Espejel epaileak.
Goizean atxilotu dituzte Altsasun, eta Madrilera eraman dituzte, Auzitegi Nazionalera. 16:00etan hasita, saio azkarra egiten ari dira, eta bertan erabakiko du epaileak gazteak aske utzi edo espetxera bidaliko dituen.
'Erantzun bateratua eta indartsua' emateko unea
Gaur goizean Guardia Zibilak egin duen polizia-operazioa "neurriz kanpokoa" eta "beharrezkoa ez" zela salatu dute Altsasuko gazteen gurasoek, "ihes egiteko arriskurik ez zegoelako".
"Justizia guztiontzat berdina ez dela berdina ikusi dugu. Kasu batzuetan fidantzak eta askatasuna; gurean, atxiloketak eta kartzelaratzeak", kritikatu dute.
Hori dela eta, "erantzun bateratua, argia eta indartsua" emateko unea iritsi dela azpimarratu dute, arratsalde honetan Altsasun egin duten agerraldian.