IRUÑEAN
Nafarroako Gobernua Altsasukoen alde hilaren 16an egingo den manifestaziora joango da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Foru Gobernuak 'kezka' agertu du auziak 'hasieratik' izandako 'ageriko proportzio falta' tarteko.
Nafarroako Gobernuak parte hartuko du Altsasu auzian zigortutako gazteen senideek ekainaren 16rako Iruñean deitutako manifestazioan, epaiaren "proportzionaltasun eza" salatzeko.
Foru Gobernuaren izenean Maria Solana bozeramailea joango da Iruñeko mobilizaziora.
Joan den ostiralean, Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak 2 eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri zien Altsasuko gazteei, 2015eko urriaren 15ean Nafarroako herrian gertatutako liskarrengatik.
Atzo, ostera, aske zeuden Altsasuko bost gazteetatik lau atxilotzeko eta berehala espetxeratzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak. Azken erabaki horren aurrean, Solana bozeramaileak "kezka" adierazi du eta auziaren "hasieratik" izan den "ageriko proportzio falta" salatu du. Aldi berean, kritiken eta erantzunen aurrean "zentzua" eta "zuhurtzia" aldarrikatu ditu.
Maria Solanak gaur eskainitako prentsaurrekoan azpimarratu duenez, Altsasun gertatutakoa terrorismotzat jotzea "neurrigabea" da. Haren esanetan, "neurrigabea" da baita ere akusazioetako batek soilik egindako eskariari erantzunez Zigor Kodean aurreikusitako larrigarri handienak aplikatzea. Azkenik, "neurrigabea" dela iritzi dio ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta gazteak behin-behinean espetxera bidaltzea, hain zuzen ere, auzitegira deitu dituzten bakoitzean epailearen aurrera agertu direlako.