Itxi

GURE ESKU DAGO

84.000 herritarrek eman dute izena igandeko giza katean parte hartzeko

EITB.EUS

Leer en Castellano

Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak 100.000 lagun biltzea espero du. Halaber, 5.000 boluntario eta 1.000 autobus mobilizatuko ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gure Esku Dagok ekainaren 10erako iragarritako mobilizazio erraldoiari buruzko xehetasunak eman ditu ostegun honetan. Gaur-gaurkoz, 84.000 pertsonak eman dute izena igandeko giza katean parte hartzeko. Halaber, 5.000 boluntariotik gora arituko dira lanean, eta 1.000 autobus baino gehiago mobilizatuko dira.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak, ostera, igandean 100.000 pertsona elkartzea espero du: "Esku artean ditugun datuekin argi dugu igandeko mobilizazioa benetan historikoa izango dela".

Bilboko Abando hotelean gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan, boluntario horien guztien lana goraipatu du antolakuntzak: "Igandean 5.000 boluntariotik gora ariko dira lanean 202 kilometroetan: koordinazio lanetan, segurtasunean, trafikoan, postuetan, autobusetan, komunikazioan...".

Antolakuntzak autobus bidezko garraioa bultzatu du, eta hori izango da, bere esanetan, parte-hartzaile bakoitza bere kilometroan dagokion orduan egotea bermatuko duen garraio bakarra. Halaber, garraio publikoaren zerbitzua indartuko da zenbait tokitan.

Gure Esku Dagoren lehentasun nagusia segurtasuna izango da igandean. Hori dela eta, segurtasun arauak errespetatzeko eta antolatzaileen esanei kasu egiteko eskatu diete parte-hartzaileei.

Bestalde, Gure Esku Dagok "Herritarren Ituna" argitaratuko du igandean, eta horren berri emango die Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari: "Igandean, beraz, Bilbo, Gasteiz eta Donostia lotuko dituen mobilizazioan erabiliko ditugun zapietan herritarron erabakitzeko arrazoiak erakutsiko ditugu eta datozen asteotan Herritarron Ituna emango diegu herritarrok ordezkatzen gaituzten erakundeei, hala nola, Gasteizko Legebitzarrari eta Nafarroako Parlamentuari".

Ordutegiak

09:00 Antolakuntza martxan

10:00 Parte-hartzaileak iristen hasiko dira

11:30 Jendea prest

12:00 Giza katea

12:15 Mezua, Eusko Legebiltzarraren atarian

12:30 Amaiera

13:30 Balorazioak eta adierazpenak

13:30etik aurrera jai-giroa hiriburuetan

DOKUMENTUA: Kontsultatu PDF honetan ekainaren 10eko giza katearen mapa, herriz herri.

Albisteak (4)

Bideoak (1)