pedro sanchezen gobernua
Urkulluk elkarrizketa abiatzea eskatu dio Sanchezi, autogobernuan sakontzeko
agetnziak | erredakzioa
Lehendakariak presidente espainiarrari idatzi zion atzo, zoriondu eta bi exekutiboek jorratzeko dituzten gaiak bideratzeko beharra adierazteko, besteak beste, Estatutua bere osotasunean betetzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak elkarrizketa bideratzea eskatu dio Pedro Sanchez Gobernu espainiarren presidenteari, euskal autogobernuan eta Euskadi eta Espainiaren arteko harreman berrian sakontzeko, "aldebikotasunetik eta elkarrenganako aitorpenetik abiatuta".
"Elkarrizketa hastea espero dut, entzuteko eta entzun gaitzaten", esan du Urkulluk Eusko Legebiltzarrean egin duten kontrolerako saioan, Gobernu espainiarraren gainean Elkarrekin Podemosek egindako galderari eta EH Bilduk egindako interpelazioari erantzunda.
Lehendakariak azaldu duenez, atzo bertan jarri zen harremanetan Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin, zoriondu eta bi exekutiboek jorratzeko dituzten gaiak bideratzeko beharra helarazteko, besteak beste, Estatutuan eman gabe dauden eskumenak betetzea.
Gainera, Urkulluk positibotzat jo ditu Espainiako Gobernuan izan diren aldaketak, bere ustean, aukera bat izango delako arazo politikoak elkarrizketaren bidez konpontzeko. Era berean, ziur agertu da Sanchezek Estutua bere osotasunean betetzea, autogobernuaren eguneratzea eta Euskadiko elkarbizitza normalizatua zer den hobeto ulertuko dituela.
"Epe berri bat zabaldu da eta Eusko Jaurlaritzan elkarrizketarako eta akordiorako prestutasunarekin aurre egingo diogu", esan du.
Horretarako -esan dio EH Bilduri- lehenik eta behin akordioa izan behar da Legebiltzarrean Autogobernuaren ponentziaren inguruan, ez baitagokio soilik Jaurlaritzari, talde guztiei baizik.
Azpimarratu duenaren arabera, helburu nagusia da euskal herritarren erabakiak "errespeta ditzatela". Horren ildotik, prozedura legala adostea proposatu du, erabakiak bete egingo direla bermatzeko.
"Gure betebeharra gehitzea da, aurrera egiteko. Beharrezkoa da itunak, hitzarmenak, printzipio demokratikoa printzipio legala ez gauzatzeko erabiltzea saihestea", esan du.
Sanchezek telefonoz deitu dio
Pedro Sanchez Gobernu zentraleko presidenteak adeitasunezko telefono deia egin dio lehendakariari ostiral honetan bertan, arratsaldean.
Elkarrizketa laburrean ez dute Urkulluk bidalitako gutuna hizpide izan. Deia 19:00etan egin du Sanchezek. Nahiz eta elkarrizketa berri bat izateko datarik ez zehaztu, etorkizunean “lasaiago” hitz egitea adostu dute, Eusko Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez.