Itxi

Erabakitzeko eskubidea

Giza kate historikoa, erabakitzeko eskubidearen alde

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

175.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte Gure Esku Dagoren giza katean, antolatzaileen arabera. Bilbo, Donostia eta Gasteiz lotu dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

175.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte igande honetan Gure Esku Dagoren giza katean, antolatzaileen arabera. Donostian hasi eta Gasteizen amaitu da, Bilbotik pasatu ostean.

Ekitaldiaren antolatzaileek larunbat honetan iragarri zutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak lotzeko behar zituzten 100.000 pertsonak izena ematea lortu zuten. Alderdietako eta sindikatuetako buruzagiek ere parte hartu dute. Mikel Urdangarin abeslariak ere babesa adierazi dio gaurko ekitaldiari Gasteizen.

Mobilizazioa Eusko Legebiltzarraren parean amaitu da; Bakartxo Tejeria bertako presidentea ere han izan da, babesa adierazteko; EAJko eta EH Bilduko alderdietako hainbat kargu eta parlamentari ere izan dira.

201,9 kilometroko ibilbidean Kataluniari babesa emateko hainbat gune izan dira, ANC, Omnium Cultural, ERC eta CUPeko kideek hartu dute parte. Hala, Kataluniatik jasotako 600 zapi hori saldu dituzte bost euroan eta bildutako dirua Kataluniako elkartasun kutxara bideratu dute. Altsasuko gazteei ere babesa erakutsi diete.

Pentsiodunei ere keinua egin diete, udaletxe pareetan. EHko Emakumeen Mundu Martxak ere tokia izan du mobilizazioan, 2., 124. eta 201. kilometroetan.

Tejeriaz gain, autodeterminazio eskubidearen aldeko deiari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat alkatek erakutsi diote babesa, guztiak EAJkoak. Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea ere bertan izan dira. Iñigo Urkullu lehendakaria joan ez den arren, ekimena txalotu eta zoriondu gu, aurreikuspenak bete dituztelako.

Prozesua

11:00ak aldera hasi dira katea osatzen Donostiako Bouleverden, eta Paulo Muñoa izan da kateko lehen pertsona.

Lehen kilometroan Gabriel Rufian ERCko kidea kidea izan da. Politikari kataluniarraren iritziz, "oso positiboa" Euskal Herriko eta Kataluniako "burujabetzerako eta autodeterminaziorako" prozesuek "loturak egiteko eta elkarlanean aritzeko" puntuak aurkitzea.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Elgoibarren egin du bat gaurko giza katearekin. Twitter bidez adierazi duenez, "ekimen honek mezu bat bidali dio Europar Batasunari, eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei", "bere etorkizuna erabaki nahi duen gehiengo soziala daukan herri bat dela" esateko.

Joseba Egibar EAJren GBBko buruak Donostian eman dio babesa giza kateari. "Pausoz pauso, eskutik helduta, autoestimu ariketa egiten ari gara", adierazi du:

Bilbo erdigunean, Andoni Ortuzar EAJko presidentea ez ezik, Itxaso Atutxa eta Juan Mari Aburto jeltzaleak izan dira, beste hainbat ordezkari politikoz gain.

Bizkaiko hiriburuko Moyua plazan, berriz, Kataluniako ordezkari ugari bildu dira. Zapi horiak eraman dituzte, espetxeak eta herbestean dauden politikari kataluniarrei babesa adierazteko.

ANCko Elisenda Paluziez gain, Ignasi Termnes (Ómnium), Mireia Bayona (CUP) eta Aurora Madaula (Junts Per Catalunya) egon dira giza katean.

Manifestua

Jone Amonarriz Gure Esku Dagoko bozeramaileak irakurri du euskaraz ekitaldi amaierako oharra Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Haren esanetan, "ziklo berri baten hasiera irudikatzen ari gara gaur Euskal Herrian. Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren aro berria. Gaur milaka eta milaka herritarrok inoiz baino argiago erakutsi dugu elkarrekin, herri honen etorkizun politikoa erabaki nahi dugula. Erabakitzeko beharra daukagula".

"Giza katean eskuz esku batu ditugu herritarron erabakitzeko arrazoiak, eta Eusko Legebiltzarraren atarira ekarri dugu Herritarron Ituna. Hilabeteetan herriz herri egindako lanketa parte-hartzaile eta zabalaren emaitza da erabakitzeko 2019 arrazoien bilduma da", gaineratu du.

Amonarreizek azaldutakoaren arabera, "elkarlan esparruak zabaldu eta sakontzeari ekingo dio Gure Esku Dagok, herri honetako eragile sozial, politiko eta kulturalekin eta gure erakundeekin batera egin nahi dugulako erabakirako bidea".

"Gaur jauzi handi bat" egin dela nabarmendu du. "Erakutsi dugu gero eta gehiago garela herri burujabe bat nahi dugun herritar ahaldunduak. Herritarrok lanean jarraituko dugu, determinazio osoz, nahi dugun etorkizuna erabaki arte. Jende zoriontsua, herri libre batean bizi arte. Ez diogu beldurrik askatasunari. Bidean gara. Erabakiko dugu. Gure esku dago!", amaitu du.

Ondorengo deialdiak

Datorren azaroaren 18an, Gure Esku Dagok estatus politikoaren inguruko galdeketa antolatu du Donostian. Euskal Herriko hiriburuetako lehena izango da halako ekimen bat egiten. Donostia Galdeketa plataformako kideek jakinarazi zutenez, kontsultak EH Bildu, EAJ, Podemos eta ELA zein LAB sindikatuen babesa du. Horrez gain, Donostiako kultura eta kirol arloko zenbait ordezkarik ere erakutsi dute bat egiteko asmoa.

Egun berean, Irunen ere herri galdeketa egingo dute, ondorengo galderarekin: "Irundar gisa, zein etorkizun politiko nahi duzu gure herriarentzat?".

 

Bideoak (5)

Informazio gehiago (1)

Informazio gehiago (1)