Itxi

Erabakitzeko eskubidea

100.000 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte Gure Esku Dagoren giza katean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Erabakitzeko eskubidearen aldeko 2.019 arrazoi bildu dituen 'Herritarron ituna' entregatu dute katearen amaieran Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean.

Gure Esku Dago

100.000 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte Gure Esku Dagok igande honetan erabakitzeko eskubidearen alde antolatutako mobilizazioan. Bilbo, Gasteiz eta Donostia lotuko dituen giza katea osatuko dute.

Gure Esku Dagoko bozeramaileek agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizen, herritarrei bihar deitutako giza katean parte hartzeko deia egiteko. Besteak beste, EAJ, EH Bildu eta ERC alderdietako hainbat ordezkari izango dira.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, "burujabeak" izan nahi duten milaka eta milaka herritar daudela azpimarratu dute. Bestalde, gogoratu dutenez, erabakitzeko eskubidearen aldeko 2.019 arrazoi bildu dituen "Herritarron ituna" ezagutaraziko dute igandean. Oraingoz 100.000 pertsona baino gehiagok eman dute izena, eta "Aurrekaririk gabeko mobilizazioa" izatea espero du plataformak.

Horrenbestez, erabakitzeko eskubidea defendatzeko asmoz, antolatzaileek "kaleak bete" ditzaten eskatu diete herritarrei. Horrez gain, burujabetzaren aldeko "herritarron ituna" bultzatu nahi dutela azpimarratu dute.

Gure Esku Dagoren mobilizazioetako baten artxiboko argazkia

202 kilometroko giza katea

Donostian giza katea abiatuko duen lehen pertsonak, Paulo Muñoak (77 urte) eta Gasteizen katea itxiko duen azkenak, Aroa Arrizubieta (16 urte) agiria irakurri zuten ostiralean prentsaurrekoan. Haien hitzetan, igandekoak "herri oso bat mugimenduan" erakutsiko du.

Gure Esku Dagoren arabera, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen 202 kilometroko giza kateak "mugarria ezarriko du Euskal Herriko historian, datozenek harro gogoratuko dutena". 100.000 parte-hartzaile inguru espero ditu dinamikak.

Guztira 1.000 bat autobus antolatu dituzte parte hartzaileak dagokien lekura 10:00etarako eramateko. Era berean, 5.000 boluntario arituko dira lanean guztia prestatu eta 12:00etan giza katea osa dadin. Ondoren, 12:15ean, agiri bat irakurriko dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, mobilizazioa amaitzeko. Esteka honetan ikus daiteke giza katearen ibilbidea, kilometroz kilometro.

Giza katearen ibilbidearen mapa

Herritarron Ituna

Giza katea osatzeaz gain, Herritarron Ituna aurkeztuko dute. Gure Esku Dagok azaldutakoaren arabera, "herritarrok hainbat arlotan gure etorkizuna erabakitzera iristeko bideko tresna da, eta horretarako 2019 arrazoi bildu ditugu".

Hala, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen mobilizazioko parte hartzaileek eramango dituzten zapietan erakutsiko dituzte "hemen erabakitzeko" arrazoi horiek guztiak. Bestalde, "datozen asteetan mezu horiek herritarren borondatea ordezkatzen duten erakundeei" bidaliko dizkietela esan dute bozeramaileek, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari, alegia.

Pertsona esanguratsuak

Gure Esku Dagok politika eta gizarte arloko zenbait ordezkarik ekimenarekin bat egingo dutela iragarri du. Donostian, esaterako, Gabriel Rufian (ERC), Eneko Goia (EAJ), Garbiñe Aranburu (LAB) eta Arkaitz Rodriguez (Sortu) izango dira, besteak beste. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Elgoibarren egingo du bat mobilizazioarekin.

Halaber, hainbat kazetarik eta aurkezlek ere hartuko dute parte: Xabier Euzkitze (Zarautzen), Kike Amonarriz eta Julen Telleria (Mendaro/Elgoibar).

Kataluniatik, Gabriel Rufian ez ezik, Mireia Boya (CUP), Elisenda Paluzie (ANC) eta Ignasi Termes (Omnium Cultural) Bilbora etorriko dira, giza katearekin bat egiteko. Bizkaiko hiriburuan izango dira, halaber, Andoni Ortuzar EAJko EBBeko presidentea eta Itxaso Atutxa, 123. kilometroan.

Araban, Zuriñe Hidalgo abeslaria Amurrion izango da; Joseba Azkarraga (sailburu ohia eta Sareko kidea), Pello Urizar (EH Bildu) eta Miren Zabaleta (Sortu), berriz, Zigoitian.

Gasteizen, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Maddalen Iriarte (EH Bildu) eta Miren Larrion (EH Bildu) azken kilometroan egongo dira.

Kataluniaren eta Altsasuko gazteen aldeko kilometroak

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak keinu bat egin nahi izan dio Kataluniari, 122. kilometroa "Kataluniako herriari, preso politikoei eta erbesteratuei" eskainiko die. Gure Esku Dagoren esanetan, Katalunia bizitzen ari den "salbuespenezko" egoera honetan egin beharreko keinu bat da. Hortaz, Kataluniatik jasotako 600 zapi hori salduko dituzte bost euroan eta bildutako dirua Kataluniako elkartasun kutxara bideratuko dute.

Bestalde, 193. kilometroa "Altsasuko gazteei elkartasuna" adierazteko izango da. Gure Esku Dagok eta Altsasuko gazteen senideek salatu dutenez, 2015eko urriaren 15ean Nafarroako herrian gertatutako liskarrengatik zortzi gazteri ezarritako 2 eta 13 urte bitarteko zigorrak "guztiz neurrigabeak" dira. Are gehiago, "erabaki politiko" baten ondorio direla uste dute.

Pentsiodunei ere keinua egingo diete bihar, udaletxe pareetan. EHko Emakumeen Mundu Martxak ere tokia izango du mobilizazioan, 2., 124. eta 201. kilometroetan.

Ondorengo deialdiak

Datorren azaroaren 18an, Gure Esku Dagok estatus politikoaren inguruko galdeketa antolatu du Donostian. Euskal Herriko hiriburuetako lehena izango da halako ekimen bat egiten. Donostia Galdeketa plataformako kideek jakinarazi zutenez, kontsultak EH Bildu, EAJ, Podemos eta ELA zein LAB sindikatuen babesa du. Horrez gain, Donostiako kultura eta kirol arloko zenbait ordezkarik ere erakutsi dute bat egiteko asmoa.

Egun berean, Irunen ere herri galdeketa egingo dute, ondorengo galderarekin: "Irundar gisa, zein etorkizun politiko nahi duzu gure herriarentzat?".

 

Albisteak (6)

Informazio gehiago (1)

Informazio gehiago (1)