NOOS AUZIA
Bost egun ditu Urdangarinek espetxean sartzeko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beranduenez, astelehenean espetxean egon beharko du Cristina infantaren senarrak. Zigorra non bete erabaki beharko du orain.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñaki Urdangarini bost eguneko epea jarri dio Palmako Lurralde Auzitegiak espetxean sartzeko. Eguerdian, 12:15 inguruan, joan da Auzitegira, kartzelatze-agindua jasotzera, Mario Pascual Vives abokatua lagun zuela, eta hamabost minutu ere ez ditu egin eraikinaren barruan.
Dozenaka kazetariz gain, herritar ugari bildu dira Auzitegiaren atarian. Azken horiek, oihuka hartu dute Urdangarin: "txorizoa", "Borboia espetxera" edota "Iñaki, itzuli dirua" oihukatu dituzte, besteak beste.
Urdangarinek badu Auzitegi Kontituzionalean helegitea aurkezteko aukera, baina pauso hori emanda ere, ez luke berehalako espetxeratzea saihestuko.
Zigorra non bete erabaki beharko du orain Cristina infantaren senarrak. Hainbat iturrik zabalduko informazioaren arabera, Arabako Zaballako espetxea legoke Urdangarinen aukeren artean, familiarteko batzuk Gasteizen bizi direlako.
Espetxera bere borondatez joango denez, epaileak emandako bost eguneko epean Urdangarinek ez du joan-etorrirako inolako eragozpenik izango, eta, beraz, Suitzara itzultzeko aukera izango du, espetxean sartu bitartean.
Diego Torres, berriz, goiztiar ibili da, eta 09:00etan joan da Auzitegira, mandatua jasotzera. Horri ere bost eguneko epea eman diote, kartzelan sartzeko.
Jaume Matas Balearretako presidente ohia ere deituta zegoen Auzitegira, baina ez da joan. Idatzi batean, Alderdi Popularreko buruzagi ohiak epaileei jakinarazi die, bere borondatez sartuko dela gaur Aranjuezeko (Madril) espetxean.
Epai irmoa
Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak aho batez berretsi zuen Iñaki Urdangarinen kontrako espetxe zigorra. Hala ere, Noos auziagatik lehen instantzian ezarri zioten 6 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra bost hilabetean arindu zuen: guztira, 5 urte eta 10 hilabete. Palmako Auzitegiak prebarikazio delitua, diru publikoa bidegabe erabiltzea, dokumentu publikoak faltsutzea, influentzia trafikoa eta Ogasun Publikoaren kontrako bi delitu leporatu zizkion lehen instantzian.
Gorenak dokumentu publikoak faltsutzearen delitutik absolbitu du Urdangarin, bere parte-hartzea ez dela frogatu argudiatuta. Kartzela zigorraz gain, Urdangarinek milioi bat euro inguru ordaindu beharko du isunak eta kalte-ordainak aintzat hartuta.
Halaber, Auzitegi Gorenak zigorra arindu zion Diego Torresi, Urdangarinen bazkide ohiari: 8 urte eta erditik 5 urte eta zortzi hilabetera. Dirua bidegabe erabiltzeagatik, prebarikazioagatik eta administrazioari iruzurra egiteagatik zigortu dute Diego Torres; aitzitik, influentzia trafiko, diru-zuritze eta dokumentuak faltsutze delituengatik absolbitu du. Gainera, 1,72 milioi euroko isuna 750.000 eurora murriztu dio.
Jaume Matasi dagokionez, Palmako Auzitegiak ezarritako zigorra berretsi du Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak. Zehazki, 3 urte eta zortzi hilabeteko zigorra ezarri dio prebarikazioagatik, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta administrazioari iruzur egiteagatik. Horrez gain, zazpi urteko gaitasungabetzea ere jarri dio.