RADIO EUSKADI
Sanchezen Gobernua presoak hurbiltzeko 'gai' ikusten du EAJk
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk ere uste du espetxe politikan aldaketak etor daitezkeela, eta horren harira, asteon Eusko Legebiltzarrean adostutako testua nabarmendu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal presoen hurbilketa izan dute hizpide gaur, besteak beste, Radio Euskadiko 'Parlamento de las Ondas' saioan. Bertan, Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak esan du Pedro Sanchezen Gobernu berria presoak hurbiltzeko "gai" ikusten duela.
Buruzagi jeltzalearen arabera, agertoki berri bat zabaldu da, eta "aurrerapusoak" eman daitezke datozen hilabeteotan presoen auzian. Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari izendatzea, Eusko Legebiltzarean asteon onartu den testua edota Espainiako Espetxe Zuzendaritzan arduradun berriak egotea albiste positibotzat jo ditu.
Iker Casanova EH Bilduko ordezkariak ere uste du espetxe politikan aldaketak etor daitezkeela, eta horren harira, Eusko Legebiltzarrean adostutako testua nabarmendu du. Eusko Legebiltzarrak, PP ez beste taldeen babesarekin, ebazpena onartu zuen asteazkenean euskal presoen sakabanaketa amaitzeko eskatuz eta "eragindako minaren aitortza" aldarrikatuz elkarbizitzan aurrera egiteko bidean.
Espainiako Gobernuak presoen auzia bideratzeko borondatea erakutsiz gero, horretarako ezarritako denborak "errespetatu" egin behar direla adierazi du Casanovak.
Eneko Andueza PSE-EEko legebiltzarkidearen arabera, berriz, sozialistek betiko jarrerari eusten diote presoen gaiari dagokionez, eta, Sanchezek Jose Luis Rodriguez Zapaterok abiatutako bidea jarraituko duela ziur agertu da. Legedia errespetatzea eta eragindako mina aitortzea dira gako nagusiak, Anduezaren hitzetan, espetxe politikan aldaketak emateko.
Legedia errespetatzea ezinbestekotzat jo du Laura Garrido legebiltzarkide popularrak ere. Horren hitzetan, gainera, eragindako mina aitortzea ez da nahikoa, eta "justiziarekin kolaboratzea" beharrezkoa da egoera aldatzen hasteko.
Edurne Garcia Elkarrekin Podemoseko kidearen ustez, bestalde, "giza eskubideen ikuspegitik beharrezkoa" da espetxe politika aldatzea. Zentzu horretan, Lozaren izendapena txalotu du, espetxeetako egoera "ondo" ezagutzen duelako.