PSE-EE
Carlos Totorika Ermuko alkateak politika utziko du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bihar, 11:30ean, agertuko da hedabideen aurrean Totorika, Ermuko Udaletxean, bere erabakiaren inguruko azalpenak emateko. Mikel Torres PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusia ere bertan izango da.
Carlos Totorika Ermuko alkateak politika utziko du hilabete honetan. Bizkaiko Batzar Nagusietan PSE-EEko bozeramailea ere bada, eta kargu hori ere utziko du, Alderdi Sozialistaren Bizkaiko zuzendaritzak ohar bidez jakitera eman duenez.
1991ean aukeratu zuten Totorika Ermuko alkate, eta 1997an ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko zinegotzi popularra hil zuenean egin zen ezagun. Besteak beste, Ermuko Foroaren sortzaileetakoa izan zen Totorika, eta ETAren kontrako borrokan erreferentea izan da ordutik.
2002an PSE-EEko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen, Rosa Diezen eta Nicolas Redondoren babesarekin. Patxi Lopezek erraz irabazi zion.
62 urte ditu politikari ermuarrak, eta agintaldiaren erdian utziko du alkatetza. Bizkaiko PSE-EEren zuzendaritzak Totorikaren ibilbidea goratu du, eta egindako lana eskertu dio. "Gizon langilea, hurbila eta garai gogorretan borroka egiten jakin duena izan da", esan dute sozialistek.
Bihar, 11:30ean, agertuko da hedabideen aurrean Totorika, Ermuko Udaletxean, bere erabakiaren inguruko azalpenak emateko. Mikel Torres PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusia ere bertan izango da.