Itxi

Espetxe politika

Presoen 'gerturatze progresibo eta indibiduala' defendatu du Lozak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari berria karguaz jabetu da Gasteizen. Terrorismoaren biktimak “lehentasuna” izango direla azpimarratu du Lozak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ETA desagertu ondoren “espetxe politika birplanteatzea” beharrezkoa dela esan du gaur Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkari berriak. Horrela, presoak “banan-banan eta modu mailakatuan hurbiltzearen” alde agertu da.

Loza Ordezkaritzaren egoitzan karguaz jabetu da, Gasteizen. EAEko erakundeekin “lankidetza” bilatzeko asmoa azaldu du ordezkariak. Exekutibo zentralaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko “akordioak” lortu nahi dituela erantsi du agintariak. Horretarako, “entzuteko” eta “hitz egiteko” borondatea agertu du.

PSE-EEren ordezkaritza zabala, tartean, Idoia Mendia, eta Eusko Jaurlaritzako kideak, besteak beste, Josu Erkoreka bozeramailea ekitaldian izan dira. “Itun kultura” batetik datorrela gogorarazi du Lozak bere hitzaldian. Euskal autogobernuaren “garapenean inplikatuko” dela nabarmendu du, Espainiako Exekutiboaren “ekimenaren babesean beti”.

Desadostasunek eragindako “auziak Ordezkaritatik saihesteko” asmoa azaldu du, Javier de Andres bere aurrekoak egin bezala, Lozaren hitzetan.

Hitzaldiaren zati handi bat terrorismoaren biktimei eskaini die Lozak, eta bere “lehentasuna” izango direla azpimarratu du. ETA desagertu ondoren “oraindik eginbeharrak” dituztela nabarmendu du. Horrela, Fernando Buesa sozialista eta Jorge Diez bizkartzainaren hiltzaileak omentzeko ustezko saiakeraren aurrean Sorturen “isiltasuna” gaitzetsi du ordezkariak.

 

Loza: "Itzali beharreko gorroto hausberoak eta intolerantzia txingarrak geratzen dira, etorkizunean nahigabeak saihesteko"

 

“Itzali beharreko gorroto hausberoak eta intolerantzia txingarrak geratzen dira, etorkizunean nahigabeak saihesteko”, adierazi du Lozak. Biktimak aintzat hartzeko eta erreparazioa lortzeko lan egingo duela ziurtatu du, baita umiliazio saiakeren aurka ere. Justizian sakonduko duela erantsi du; oraindik argitu gabeko 300 hilketa baino gehiago daudelako.

Terrorismoaren deslegitimazio etiko, sozial eta politikoari eutsi behar diotela gogorarazi du Lozak, “biktimak eta borreroak” izan direla “argi” ezartzen duen “kontakizun zintzo eta egiatia” eraikitzeko. Memoriaren esparruan bi erronka dituztela ziurtatu du Espainiako Gobernuaren ordezkariak: itxuragabetzea eta ahanzturaren tentaldia.

Jesus Loza eta haren aurrekoa Javier de Andres. Argazkia: EFE

ETA desagertu ondoren giza eskubideen, Konstituzioaren eta Estatutuaren errespetuan oinarritutako bizikidetzan aurrera egin behar dela onartu du Lozak. “Legeak ez dira aldaezinak”, gogorarazi du. Erreformei “heldu beharko” zaie, iraganean lortutako “antzeko” adostasunak lortuz, gaineratu duenez.

Elkarbizitzaren bilaketan, biktimak eta kaltegileen arteko “zubiak” eraikitzeko orduan erakundeek “paper” garrantzitsua dutela uste du Lozak, baina “gaizkileek bidean atzera egin barik biktimek zubiak eraikitzea ezin da espero”, argi utzi du. Helburu politikoak lortzeko, iraganean, orainean zein etorkizunean, indarkeriaren zilegitasun eza onartzeko eskatu dio ordezkariak Lozari.

Lozaren hitzetan, behin ETA desagertuta, espetxe politikak “bizikidetzari lagundu” beharko lioke, “birgizarteratzea” bilatuz. “Presoak banan-banan eta modu mailakatuan hurbiltzearen” alde agertu da. Gogorarazi duenez, ez da berritasuna. “Espetxe erregimenean aldaketak” defendatu ditu, “zigortu bakoitzaren aurrerapausoen arabera”. Horretarako, Langraiz bideak eredu bezala balio dezakeela uste du buruzagiak.

Albisteak (1)

Bideoak (2)