Itxi

EAJ

Espainiako garai berria Euskadi bultzatzeko aprobetxatzeko deia egin du Ortuzarrek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EAJko presidenteak Laudion adierazi duenaren arabera, beharrezkoa da hori egitea 'Euskadiri bultzada politikoa eta ekonomikoa emateko'.

Your browser doesn’t support HTML5 video

PSOE Espainiako Gobernura iritsi ostean estatuan martxan jarritako garai berria aprobetxatzeko deia egin du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, "Euskadiri bultzada politikoa eta ekonomikoa emateko".

Alderdiak Laudion egindako ekitaldi politiko batean hartu du parte Ortuzarrek. Horrez gain, Jose Antonio Suso Arabako jeltzaleen arduraduna eta Ander Añibarro Laudioko alkategaia egon dira.

EAJko buruzagiaren esanetan, "Estatu espainiarreko politikan hasitako garai berriak" eragina du "euskal taula politikoan". Hala, agertoki berria "aprobetxatzeko" deia egin du, "Euskadiko etorkizuneko oinarrizko erronkei aurre egiteko".

Horien artean, Gernikako Estatua erabat betetzea eta "elkarbizitzarako zein adiskidetzerako ez ezik, espetxe politika bidezkoagoa lortzeko urrats erabakigarriak ematea" aipatu ditu. Aldi berean, "ahalik eta adostasun handienarekin autogobernu estatus berria" erdietsi nahi duela nabarmendu du, "Estatuko lurralde ereduaren eraberritze atzeraezina alde batera utzi gabe".

Espainiako politikak bizitako "egoera nahasian" EAJk izandako jarrera defendatzeaz gain, jeltzaleek pauso guztiak asko hausnartzen dituela azaldu du, "euskal herritarren interesak defendatzeko".

"Gure alderdiak ez du inoiz hain erabaki garrantzitsurik hartu behar izan estatu mailan. Egon behar zen tokian egon garela uste dut; arduraz jokatuz, neurriz, gure herrian eta gizartean pentsatuz, euskaldunen interesak defendatuz", laburbildu du.

"Posizio politiko estrategikoa" Diputatuen Kongresuan

Bestalde azpimarratu duenez, EAJri "ez zaio burura igo Diputatuen Kongresuan bost diputatu apalekin duen posizio politiko estrategikoa".

Ortuzarren esanetan, EAJren azken erabakiek "tokiz kanpo utzi dituzte beste alderdi batzuk": EH Bildu eta Podemos, esaterako. PSOEren zentsura-mozioa babesteak "ahoa zabalik eta hitzik ezin esanda utzi dituela" azaldu du.

PPri dagokionez, berriz, "haserre" ikusten duela esan du, eta "haserrea ez dela erregai ona, motorrei arazoak ematen dizkielako".

Albisteak (3)

Bideoak (1)