Katalunia
Buruzagi independentistak Kataluniako kartzelatara eramango dituztela jakinarazi dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oriol Junqueras, Raül Romeva, Dolors Bassa, Carme Forcadell, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart datozen egunetan eramango dituzte Madriletik Kataluniako espetxeetara, Barne Ministerioak iragarri duenez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Madrileko espetxeetan behin-behinean preso dauden bederatzi buruzagi independentista katalanetatik sei, tartean Oriol Junqueras presidenteorde kargugabetua, Kataluniako espetxeetara eramateko prozesua abiarazi duela jakinarazi dio gaur Espainiako Barne Ministerioak Generalitateari.
Barne Ministerioaren igorritako oharraren arabera, lekualdatzea "arratsalde honetan" hasiko dira eta asteazkena eta osteguna bitartean guztiak Kataluniako espetxeetan izango dira.
Aste honetan Kataluniara eramango dituzten preso independentista katalanak hauek dira: Oriol Junqueras, Raül Romeva eta Dolors Bassa kontseilari kargugabetuak, Carme Frocadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia, Jordi Sanchez JxCATeko diputatua eta ANCko presidente izandakoa eta Jordi Cuixart Omniun Culturaleko buruzagia.
Seiek joan den astean egin zuten Kataluniako kartzelatara eramateko eskaria. Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak esan zuen ez zegoela arrazoi judizialik auzipetuak Madrilgo espetxeetan mantentzeko eta Kataluniako presondegietara lekualdatzeko erabakia Espetxeetako Zuzendaritzak hartu behar zuela adierazi zuen, eta ez berak.
Jordi Turull, Josep Rull eta Joquim Forn kontseilari kargugabetuen kasuan, oraingoz ez dute erabakirik hartu. Hirurak Estremako espetxean daude, Oriol Junquerasekin batera. Alabaina, Kataluniara lekualdatzeko eskaria gainerako presoek baino beranduago egin zuten.
Gauzak horrela, Turull, Rull eta Forn aurrerago eramango dituzte Kataluniara, eskariak tramitatzeko prozesua amaitzean.
Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart Valdemoroko (Madril) kartzelan daude dagoeneko. Astearte honetan Zaragozara eramango dituzte, eta bertatik Kataluniara asteazkenean.
“Espetxe politika betetzen ari gara, besterik ez, eta ez da beste ondoriorik izango”, ziurtatu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak prentsaurrekoan, Lisboan, Antonio Costa Portugalgo lehen ministroaren aldamenean.
“Ez dut esateko beste ezer. Ez dago inplikazio politikorik. Horrekin soilik lotura du”, erantsi du.