Itxi

Kataluniara lekualdatzea

Junqueras, Romeva, Sanchez, Cuixart, Bassa eta Forcadell, Kataluniako kartzeletan

Agentziak

Leer en Castellano

Bi emakumeak Gironako Puig de les Basses espetxean sartu dituzte, eta gizonak, berriz, Bartzelonako Lledoners kartzelan. Torrentek eta Torrak ukatu egin dute Estatuarekin ezer negoziatu dutela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Oriol Junqueras Generalitateko presidente ohia, Raül Romeva kontseilari ohia, Jordi Sanchez JxCaten diputatu eta ANCren buru ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente ohia Kataluniako Lledoners kartzelan daude dagoeneko (Bartzelona). Generalitateak jakinarazi duenez, 13:30ean sartu dira Sant Joan de Vilatorrada udalerriko espetxean.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Dolors Bassa Lan kontseilari izandakoa, berriz, 16:15 aldera sartu dituzte Gironako Puig de les Basses kartzelan. Bi emakumeok goizean atera dituzte Alcala Mecoko emakumeen kartzelatik (Madril) eta handik zuzenean eraman dituzte Kataluniara. Espetxe Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez, 08:30 aldera abiatu dira Guardia Zibilaren ibilgailu batean.

Lau gizonak astelehenean atera zituzten Estremerako eta Soto del Realgo espetxeetatik eta Valdemoroko kartzelan igaro zuten gaua. Atzo, asteartea, Zuerako (Aragoi) espetxera lekualdatu zituzten, eta gaur goizean abiatu dira handik Kataluniara Guardia Zibilaren bi furgonetatan. Eguerdian geldialdi teknikoa egin dute Kataluniako Brians II kartzelan, eta presoak Esquadra Mossoen zaintzapean gelditu dira. Kartzela nahiko berria da, 2008an inauguratutakoa.

Espetxearen atarian dozenaka lagun elkartu dira kamiseta horiak soinean eta esteladak eskuan. Halaber, "Preso politikoak aske" eta "Etxean nahi zaituztegu" zioten mezuak erakutsi dituzte.

Dozenaka lagun elkartu dira Lledoners kartzelan. Argazkia: EFE

Puig de les Basses espetxearen atarian ere dozenaka lagun elkartu dira, Bassa eta Forcadell politikariei babesa adierazteko. Kartzela hori 2014. urtean inauguratu zuten, eta 700 preso inguru daude bertan, emakumeen moduluan, 35.

Torra eta Torrent

Quim Torra Katauniako presidenteak eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentukoak agerraldia egin dute, "preso politikoen askatasuna" aldarrikatzeko. Biek ukatu egin dute hurbilketaren atzean Estatuarekin hitzartutako akordio bat dagoela. "Legea bete baino ez da egin, presoak hurbilduta", esan dute.

Lledoners espetxearen atarian, arratsaldean, deitu dituzten mobilizazioetan parte hartu du Torrak. Torrentek, berriz, Forcadell eta Bassa bisitatu ditu gaur bertan.

Forn, Turull eta Rull ere, laster

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Madrilen geratu diren hiru presoak Kataluniara eramateko baimena eman zuen atzo, eta Espetxe Zuzendaritzari dagokio orain Kataluniako kartzela batera eramateko agindua ematea.

Albisteak (2)

Bideoak (1)